Emozioa, tentsioa eta sorpresa, bigarren jardunaldiko osagai nagusiak
Ludovic Ladutxe getarriarrak eta Jon Zabala markina-xemeindarrak hirugarren setean irabazi du dute [11-15, 15-7 eta 4-5] azken bi Winter Serieseko txapeldunak diren Aritz Erkiaga ispastertarraren eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarren aurkako partida.
Ludovic Laduche eta Jon Zabala. Eramai Jai Alai Bigarren jardunaldian iritsi da Eusko Label Winter Serieseko lehen ezustekoa. Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarrak osatutako azken bi urteetako bikote txapeldunak, beraien estreinaldiko partida galdu dute, hirugarren jokoan (11-15, 15-7 eta 4-5), Ludovic Ladutxe getarriarraren eta Jon Zabala markina-xemeindarraren aurka. Hasieratik lehia estua espero zen A multzoan, eta lau bikoteak Jai Alaiko kantxatik igaro direlarik, Erkiaga-Ibarluzea eta Johan Sorozabal eta Gorka Sorozabal miarriztarrak osatutako bikoteak, ustez faboritoak direnak, multzoko hirugarren eta laugarrenak dira. Ladutxe eta Zabala berriz, bigarrenak dira, gaur gaurkoz liderrak diren Alex Gotia markina-xemeindarraren eta Unai Lekerika gernika-lumotarraren atzetik.
Egungo txapeldunek erritmo faltagaz ekin zioten atzo iluntzean [azaroak 3] partiduari, eta Laduchek eta Zabalak osatutako bikote zuriak, berriz, oso serio: aurrelariak hormabikoagaz zabaldu zuen markagailua: “Ez gaude elkarrekin jokatzera ohituta, eta bagenekien komunikazioa garrantzitsua zela”, aitortu zuen getariarrak. Arrosek, berriz, elkar ulertzeko zailtasuna zutela zirudien eta horren ondorioz edo, Ibarluzeak zaleak ohituta dituena baino huts gehiago egin zituen. Atsenaldira 8 eta 7 iritsi ziren; Erkiagak sake errestoan eta txapa gainean lortu zituen hurrengo tantoak, baina atzelari arrosak bi huts bata bestearen atzetik egin eta markagailua 11 eta 13koagaz jarri zuen. Seta amaitzeko behar zituzten azken bi puntuak getariarrak lortu zituen, 11 eta 15ekoagaz markagailuan 0 eta 1ekoa jarriz.
Bigarren setean rolak aldatu zituzten; Ibarluzea erosoago sentitzen hasi zen, eta Ladutxe, berriz, huts gehiago egiten. Zabala atzealdean seguru zebilen arren, atzelari arrosak pilota ezker horman baztertuta zabaldu zuen markagailua: 0-2. Getariarra ispastertarraren erremateak jasotzen tematu zen, eta baten batzuk harrapatu bazituen ere, hutsak ere egin zituen. Atsedenalditik bueltan (4-8), aurrelari arrosak tantu bikainak poltsikoratu zituen, abantaila sei tantora handituz. Beregain hartu zuen seta irabaztearen ardura, eta bi paretakoagaz biribildu zuen jokoa. 11-15 eta 15-7. Hirugarrenean erabakiko zen irabazlea.
Zuriek aurrea hartzea lortu zuten hasieratik (2-0), ez baitzioten ispastertarrari jokoan sartzen utzi. Hasieratik finkatutako estrategiari jarraiki, pilota atzeratzen aritu ziren zuriak, eta markina-xemeindarrak zailtasunak izan zituen horietako batzuei erantzuteko. Hala ere, Ibarluzea bera izan zen tantua egin eta arrosak markagailuan hurreratzea lortu zuena. Hirunako berdinketa, berriz, Erkiagak jarri zuen, errebesez urrutitik txapa gainera hormabiko ederra botata. Bi puntu falta zituzten biek eta parekotasuna zen nagusi, bai markagailuan, bai kantxan. Ladutxeren eskuin indartsuak aurreratu zituen berriz ere zuriak; garaipena poltsikoratzeko zeudela baina, Zabalak partida guztian zehar egindako huts bakarrenetakoa iritsi ziren. Markagailua laura berdinduta, bai kantxan bai goraino betetako harmailetan tentsioa izugarria zen. Azken puntu bat aurretik, zaleak ezin zuten emozio handiagodun partidua eskatu. Tantua gainera borrokatua izan zen, pilota oso zailak saskiratu baitzituzten batak zein besteek. Ibarluzeak jasotako pilota batean epaileak Erkiagaren falta adierazi zuen, ispasterrak bere zestarekin pilota ikusi zuelako.
Hala, 4-5, garaipena bikote zuriarentzat izan zen garaipena. “Azken tantoan zorte apur bat izan dugu; laura berdinduta, emoziodun puntua izan da, baina zorionez irabazi egin dugu eta pozik gaude”, aitortu zuen Ladutxek neurketa amaitzean. Zabala, garaipenagaz “pozik”, hurrengo jardunaldietaran datorrenari aurre egiteko “gogotsu” agertu zen.
B multzoa.
Datorren astelehenean [azaroak 10] B multzoko neurketa hartuko du Jai Alai frontoiak . Eñaut Urreisti mutrikuarrak eta Imanol Lopez zumaiarrak osatutako bikoteak Xabier Barandika gernika-lumotarrak eta Thibault Basque bidartarrak osatutakoa izango dute parez pare. Urreisti eta Lopezentzat bigarren neurketa izango da, Urriko Azken Astelehenean garaipenarekin debutatu baitzuten: bi setetan irabazi zieten Ekaitz Mendizabal Goixerri eta Mikel Mantzisidorri (9-15 eta 7-15).

