Hamargarren urtemuga hasteko "modu hoberik ez"
Metal Fabrikak goi-goitik abiatu zuen zapatuan [azaroak 1] bere hamargarren denboraldia. Ciconia, Subjugated eta Hilotz taldeek Astrako agertokia metalgune bihurtu zuten.
Argazkia: Metal Fabrika. Hamar urteko ibilbidea ez da bat-batean betetzen. Duela hamarkada bat, zenbait adiskidek, metal musikarekiko zaletasuna zelanbait gorpuzteko eta harengantik jasotakoa molderen batean itzultzeko asmoz, Metal Fabrika izeneko irratsaioa abiatzea erabaki zuten, Astra kultur faktorian. Zaletasuna iparrorratz eta pasioa mapa, metal munduaren inguruko alorra landu dute, autogestioz eta umiltasunez. Kalitatea, kantitatearen gainetik. Hala, urtez urte kontzertu emanaldiak ere atondu izan dituzte; azkena iragan zapatuko [azaroak 1] gaualdia izan zen. Hamargarren urtemuga ospatzeko, Metal Fabrikak goi mailako taldeak erakarri zituen: Ciconia, Subjugated eta Hilotz.

Argazkia: Metal Fabrika.
Hala estilo, nola ibilbide aldetik, oso bestelakoak diren taldeen alde egin zuten hamargarren urteurrenean. Brutal death giroetatik esparru instrumentaleraino, denetarikoez gozatzeko aukera paregabea eduki zuten Astrara bertaratu ziren 70 bat metalzalek. Antolatzaileek gaua “bikain” joan zela adierazi dute, eta hamargarren urtemugari “merezi duen hasiera” eman ziotela: “50 lagun inguru aurreikusten genituen, eta, beraz, pozarren gaude jendearen erantzunagaz”. Belaunaldi gazteen presentzia ere nabarmendu gura izan dute: “Gernika-Lumoko zenbait gaztetxo hurreratu ziren, eta horrek pozik egoteko motiboak ematen dizkigu; musika honen inguruko kulturaren txandapasa egitea ez da erraza, eta horrelakoek asko balio dute, ez dago hamargarren denboraldiari ekiteko modu hoberik”.

Argazkia: Metal Fabrika.