Aitor Etxebarriazarraga, Abadiñon garaile
Aitor Etxebarriazarragak irabazi zuen atzo [azaroak 2], Abadiñon, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren joaneko finalaurrekoa. Hilaren 15eko itzuliko finalerdirako zuzenean sailkatu zen gernika-lumotarra.
Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea. Aitor Etxebarriazarraga Gabiola Bizkaiko Bertsolari Txapelketa poltsikoratzeko faborito nagusietako bat baldin bazen, hautagaitza hori are gehiago zuztartu zuen atzo [azaroak 2], Abadiñoko probalekuan lehiatutako bigarren finalaurrekoaren joanekoan. Gernika-lumotarrak saioa maisuki patrikaratu zuen, 500 ikusle baino gehiagoren aurrean eta maila handiko aurkarien kontra.

Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea.
Etxebarriazarragak, lau lan puntuagarriak biribildu ondoren, 651,5 puntuko uzta jaso zuen; bigarren sailkatu Txaber Altube Sarrionandia etxeko bertsolariak, berriz, 607,5ekoa. Hirugarrena, hiru puntu gutxiagogaz, Gorka Pagonabarraga Agorria (604,5) durangarra izan zen; jarraian sailkatu ziren, hurrenez hurren, Unai Mendiburu Valor sopeloztarra (600), Maite Sarasola Isazelaia deustuarr (562) eta Enare Muniategi Etxabe arteagarra (552). Garaipena tarteko, Etxebarriazarragak azaroaren 15ean Bermeon lehiatuko den bigarren finalerdiaren itzuliko saiora zuzenean sailkatzea lortu zuen. Gainontzeko bertsolariei dagokienez, puntuazioen arabera borrokatu beharko dute sailkapen hori.

Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea.
Hurrengo saioa domekan [azaroak 9] izango da, 17:00etan hasita, Barakaldoko Lasesarre kiroldegian. Bertan ere, ordezkaritza esanguratsua plazaratuko da, zein baino zein gehiago: Ibai Amillategi Ormaetxea gernika-lumotarra, Irune Basagoiti Agirre ermuarra, Lurdes Ondaro Mallea munitibartarra, Onintza Enbeita Maguregi muxikarra, Mikel Goiriena Larrazabal mungiarra eta Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarra.