Gazta enkanterako produkturik onena zehazteko ordua ailegatu zaie ekoizleei
Urriko Azken Asteleheneko egitarauan ez da gazta enkantea faltako. Iaz marka berria ezarri zuen Larrabe gaztandegia berriro aurkeztuko da.
Urriko Azken Astelehena egun handia da gernika-lumotarrentzat, baita urtez urte azokara beraien produktuak saldu asmoz hurreratzen diren nekazari, ekoizle eta artisauentzat ere. Bertaratzen direnek denetariko produktuak dastatu eta erosteko aukera edukiko dute, tartean, barazkiak, frutak, eztia, txakolina, landareak eta, nola ez, gazta. Gazta izango da aurten ere azoka eguneko protagonista nagusietako bat, ohi legez, sari guztiak banatu ostean gazta onenaren enkantea egingo baitute. Iaz Aginagako Larrabe gaztandegiak jaso zuen Urriko Azken Asteleheneko gazta onenaren saria, eta Jose Ramon Martinez Elejalde gaztagilearen gazta erdia 8.000 eurotan saldu zen, errekor berria ezarriz. Aurten ere beraien gazta aurkeztuko dute Gernika-Lumoko azokan.
2006az geroztik urtero parte hartu du Larrabe gaztandegiak azokan, eta sei aldiz izan da saritua: hiru aldiz jaso du bigarren saria eta beste hiru aldiz sari nagusia: “Sariek izena ematen dute, ondo egindako lanari egindako errekonozimendua dira”.
Saria jasotzeak “izen ona” ematen badu ere, urte bakoitza ezberdina dela badaki; horregatik, ez da azokara bere gaztak saria irabaziko duen pentsamenduagaz joaten: “Epaimahaiak zure gazta onena dela uste badu pimeran, eta bestela, ez da ezer gertatzen”. Larrabek argi du bere gazta lerroa duela, gainontzeko gaztandegiek beraiena duten bezala, eta hori horrela, edonork irabazi dezakeela: “Parekotasuna dago, eta aurkezten duzun gazta epaileen gustukoa izatea edo ez izatea da garrantzitsuena”.
Hamaika sari. Gernika-Lumokoaz haratago, beste hainbat sariketetan parte hartu ohi du Martinezek, tartean bere gaztandegiarentzat “garrantzitsua” den Amurrioko Artzain Eguneko Idiazabal izendapeneko gaztandegien ardi-gazta txapelketan. Artzain Eguna “berezia” izan da aurten Larrabekoentzat, sari bikoitza jaso baitute: “Epaimahairen lehen saria jasotzeaz gain, Amurrion gazta txapelketa herrikoia ere egiten da, herritarrek pintxoak dastatzen dituzte eta beraien iritzia eman. Eta, aurten bozketa herrikoian ere lehen saria jaso dugu. Guretzat sari oso garrantzitsua da hori”.
Zallakoa da Martinezen beste plaza kuttunetako bat; izan ere, horretan ere hainbat urtetan zehar saritu dituzte: aurten, esaterako, bigarren sariagaz itzuli dira etxera. Hala ere, ze lehiaketara joan eta zeinetara ez aukeratu beharrean aritzen dira, ezin baitira denetara iritsi. Horregatik, eta historikoki gazta ketua nagusitu den lehiaketa delako, Ordiziako txapelketan parte hartzeari uko egitea erabaki zuten: “Gazta ketua eramaten ez baduzu, ez duzu irabazten, eta guk keturik egiten ez dugunez, duela urte batzuk, pena handiz, joateri utzi genion”.
Hainbat urtetan zehar azokaz azoka eta plazaz plaza ibili eta gero, gaztandegiaren salmenta guneak ondo identifikatuta dauzka Martinezek, eta “zalantza barik”, beraiek gehien saltzen duten azoka Bilboko San Tomas egunekoa dela aitortu du: “Pila bat saltzen da San Tomas egunean, hango eta hemengo jendea batzen delako bertan. Izan ere, pintxo asko saltzen dira, eta jendeari gustatu egiten zaionez, gazta gehiago saltzen dira”.
Urriko Azken Astelehenekoa bezalako azokak gazta saldu gura dutenentzat “garrantzitsuak” direla uste du gaztagileak, “salduko dutela dakitelako” batik bat: “Batzuetan, feria txikiagoetara joaten da bat, batzuetan konpromisoagatik, gonbidatzen zaituena ezagutzen duzulako edo beste hamaika arrazoigatik. Gernikaren kasuan baina, ondo saltzen da, eta izen handia duen lehiaketa batera aurkezteko aukera duzu. Iaz, esaterako, marka berria ezarri zen, eta nahi edo nahi ez, guzti horrek eragina du ze azokara joan eta zeinetara ez erabakitzeko momentuan”.
Gazta aukeraketa. Astelehenean, Gernika-Lumoko kaleetan zehar banatutako postuetako batean izango dute herritarrek Larrabe gaztandegiaren urteko ekoizpena dastatzeko aukera. Txapelketara aurkeztuko dutena, ordea, oraindik erabakitzeko duela iragarri du Martinezek: “Gaztak salmentarako prestatzeko momentuan, ontziratzeko mozketak egiten zaudela ikusten da gustuko duzun gazta bat dagoela, eta gazta sorta horretatik baten batzuk gordetzen ditugu, lehiaketetara aurkezteko”. Hala ere, kontuan hartu behar izaten dute gazta sorta bakoitzeko gazta bakarra aurkeztu daitekeela lehiaketara; hau da, Gernikan aurkezten bada, ezingo dute lerro bera beste inon aurkeztu.
Hala, gazta sorta bakoitzean gordetakoak dastatu eta sariketarako onena aukeratzean dago gakoa. Zalantzak zalantza, “ia beti bezperara arte” itxaroten du Martinezek aukeraketa egiteko. Hori horrela, astelehenera arte itxaron beharko da Larraberen proposamena ezagutzeko