Astelehentxutxu, gazteek elkarrekin harremantzen jarraitu dezaten
Gernika-Lumoko gazteak saretzen jarraitzeko "egitarau potoloa" atondu dute etzirako [urriak 25]. Asteburuan izena eman ez zutenek bihar dute paella txapelketan izena emateko aukera, Astran.
Gernika-Lumo zein inguruko gazteak elkar ezagutzea, harremanak sortu zein sendotzea eta komunikatzea bultzatzeko asmoz sortu zen Astelehentxutxu. Izan ere, adin, kuadrilla, pentsaera eta izaera ezberdinetako gazteekin batu eta komunikatzen den oro da txu. Aurten ere helburu berari tiraka jarraitu nahian antolatu dute gazte gernika-lumotarren egutegian gorriz markatutako eguna. Izenak iradoki bezala, etzi [urriak 25] ospatuko dute jaia, Urriko Azken Astelehenaren atarian.
“Danok batera egoteko espazioa sortzea da asmoa”, adierazi dute antolakuntzatik; horretarako, egun guztiko egitarau “potoloa” atondu dute. Asmoa Astrako aparkalekuan egitea bada ere, baliteke jaia Merkatu plazara lekualdatzea: “Eguraldiari begira gaude, eta itxura onik ez duenez, ziurrenik plazan egingo dugu, eta gauean Astrara mugituko gara”. 11:30ean ekingo diote egunari, prestaketa gunearen irekieragaz. Orduantxe ekingo diote kuadrillek kozinatzeari, lagun giroan ahalik eta paella goxoena prestatzeari. Lanok 14:00ak arte iraungo dute, une horretan hasiko baita epaimahaia balorazioekin. Bazkalostean gazteek ez dute aspertzeko astirik izango, bingo musikatua, olinpiadak eta karta jokoa izango dituztelako aukeran.
Iluntze aldera, Astran jarraituko du jaiak, DJ Zilarra t’ berunaren emanaldiagaz. Musika eta giro ona izango ditu ardatz goizaldera arte luzatu gura duten festak, Apokhalipsis, Depardieu Swaggerr, Zatekeen erromeria eta DJ I Am Giz igaroko baitira oholtzatik.
Astelehentxutxuri begira “prestaketa lanak arintzeko” eta bazkaritan zenbat pertsona elkartuko diren gutxi gorabehera zehaztuta izateko, paella txapelketarako aurretiazko izen ematea zabaldu dute aurten. Iragan asteburuan jarri zituzten horretarako hitzorduak Astran, eta “dagoeneko 50 kuadrilla inguruk” izena eman dute.
Halere, erantzuna ikusita, eta inor kanpoan geratu ez dadin, data berria jarri dute: bihar [urriak 24] 18:00etatik 20:00etara ere izena emateko aukera egongo da, Astran. Horretarako, kuadrilla bakoitzak zenbat pertsona izango diren zehaztu beharko du, pertsona bakoitzeko 3 euro ordaintzeagaz batera; bakoitzak bere “txutxuko zapia” jasoko du opari gisa. Horrez gain, talde bakoitzak 20 euroko fidantza ere ordaindu beharko du: “Prestaketa gunea garbi uztean bueltatuko zaie”. Jolasetarako bihar izena emango dute.
Pintxopotetxu.
Biharko egun handiaren zain, gaur hasiko dira Astelehentxutxuko lehen txutxu-mutxuak Gernika-Lumoko kaleetan. Izan ere, Pintxopoteotxue eta Karropoteotxue egiteko batuko dira Gernika-Lumoko txu-ak, “astelehentxutxu baino lehenago, apur bat berotzen joateko planean”.
Arrien tabernan 20:00etan elkartu, eta antolatzaileek hala eskatuta, txutxuko zapiak lepoan dituztela, hara eta hona ibiliko dira gazteak, aurretik dituzten egun handiei begira motorrak berotu nahian.
Belaunaldi aldaketa.
Denak ala denak etzirako “gogotsu” badaude ere, duela hilabete kolokan zegoen Astelehentxutxu. Egunari “forma ematen hasteko” deitu zuten lehen bilerak ez zuen esperotako erantzuna izan, eta antolaketarako jendea falta zela ikusita, “pena handiz” Astelehentxutxurik egongo ez zela iragarri zuten. Egun batzuk igarota, baina, “ezusteko polita” jaso zuten bigarren bileran. Nabarmendu dutenez, Astelehentxutxuko lehen urteetan talde antolatzaileen batez bestekoa “gazteagoa” zen, eta orain berriz “nahiko altua” da: “Uste dugu momenturen batean belaunaldi aldaketa eman beharko dugula”. Antolakuntzatik “Gernikak Astelehentxutxu gura duela” igartzen badute ere, lehenengo bileran “betikoak” agertu zirela ikusirik, belaunaldi aldaketa emateko unean “Astelehentxutxu bertan behera gelditzeko arriskua” zegoela ikusi zuten. Bigarren deialdira berriz “jende asko” urreratu: “Horrek asko poztu gintuen”. Izan ere, Urriko Azken Astelehen aurreko jaiak “jarraipena izango duela” ikusi dute.
“Jendea hurbildu eta Astelehentxutxu zer den ikustea, denon artean antolatzen dugun eguna dela ikustea nahi dugu”, azpimarratu, eta jendea parte hartzera animatu dute.