Zarauzko erailketa matxista salatu dute
Zarauzko erailketa matxista salatu eta familia eta senideei elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak egin dituzte asteburuan, Gernika-Lumon.
Busturialdeko Itaiak deitutako elkarretaratzea, barikuan, Merkurion.Itaia Busturialdea Iragan eguazten gauean 53 urteko emakume bat hil zuten Zarautzen, eta 47 urteko gizon bat atxilotu dute hilketa egotzita. Azpeitiko guardiako epaitegira eraman zuten atzo akusatua, hilketa matxista leporatuta, eta epaileak haren behin behineko espetxeratzea agindu zuen. Ondorioz, Busturialdeko Itaiak eta Gernikako Sare Feministak erailketa matxista salatu eta familia eta senideei elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak egin dituzte asteburuan, Gernika-Lumon.
“Beste erailketa bat eman da Euskal Herrian, urteko seigarrena dagoeneko”, salatu zuten Itaiakoek barikuan [urriak 17]. Merkurion elkartuta, ezin dela indarkeria matxista “normalizatu” eta matxismoa gogortzen ari den honetan “posizonatzeko momentua” heldu dela aldarrikatu zuten: “Emakumeok jasaten dugun indarkeriaren aurrean matxismoaren kontra borrokatu behar dugu”.
Borroka horren norabidea ere irudikatu zuten, eraso orori aurre egin behar zaiola zehaztuz: “Erasotzaileen inpunitatearen kontra borrokatu behar dugu”. Halaber, gizartean indarkeria matxistaren kontrako kontzientzia zabaltzearen beharra azaleratu zuten, “borroka indartzeko unea” dela esanda, eta Itaiatik horretan jarraituko dutea nabarmenduta.
Gernikako Sare Feministak, berriz, atzo [urriak 19] egin zuen elkarretaratzea, Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean.

Gernikako Sare Feministaren elkarretaratzea Merkurion.Gernikako Sare Feminista