TEK Sukarrieta eratu dute, energia "garbiagoa eta jasangarriagoa" erabiliz aurrezteko
Udaletxeko teilatuan jarriko dituzten 53 plaka fotovoltaikoak baliatuta, "energia garbia" kontsumitu eta etxebizitzetako zein saltokietako argi-indar fakturetan aurrezteko aukera eskainiko die komunitateak sukarrietarrei. Dagoeneko zabalik dute TEK Sukarrietan izena emateko aukera.
Gero eta gehiago dira eguzki energia erabiliz energia kontsumoko eredu berri baten aldeko apustua egiten ari diren banako eta udalerriak. Bizkaian zein Gipuzkoan gero eta gehiago dira Tokiko Energia Komunitateak (TEK), eta orain, Sukarrieta izan da eredu horretara batu den azken udalerria. TEK Sukarrieta eratu dute, herritarrei udalerrian bertan sortutako “energia garbia” kontsumitu eta fakturetan aurreztea ahalbidetu asmoz, izan ere, eguzki-energia da gaur gaurkoz energia mota merkeena.
Eguzki energiaren erabilera “goranzko joeran” dago, besteak beste “garbiagoa eta jasangarriagoa” delako. Energia horren kontsumorako baina, bi bide daude: banakako autokontsumoa edo autokontsumo kolektiboa: “Banakako kontsumoak bakoitzak bere plakak jarri beharra dakar, mundu guztiak beregain hartu ezin duen inbertsioa eskatuz”. TEK Sukarrietagaz baina, autokontsumo kolektiboaren aldeko hautua egin dute.

Gaur goizeko hitzaldian herritarrei azaldu dietenez, Sukarrietako Udalak udaletxeko teilatua laga du plaka fotovoltaikoak jartzeko, herritarrek norbere etxe eta saltokietan “inolako obrarik egin gabe” eguzki-energia baliatu ahal izateko. Plakek sortzen duten energia sarera lotuta dago zuzenean, eta komunitatearen bazkide egitea aukeratzen duten herritarrek zuzenean fakturan beherapena izango dute, ez baitute komunitateak sortzen duen energia ordaindu beharko: “Ez da etxeetara kablerik bota behar, konpainia elektrikoek egiten dute kilowatten beherapena. 350 kilowatt-ordu kontsumitzen badituzu, eta zure plakek 100 sortu badituzte, 250 kilowatt-ordu ordaindu beharko dituzu”. Sukarrietan 23 kilowatt instalatuko dituzte, gutxi gorabehera Sukarrietako 35 etxe eta komertzio txikirentzat izango liratekenak. “Kilowatt-ak partaidetzetan zenbatzen ditugu; partaidetza bat 0,5 kilowatt lirateke, hau da, plaka bat”, azaldu dute.
Etxebizitza edo komertzio bakoitzak zenbat partaidetza behar dituen ezagutzeko, TEKren enpresa arduradunak azterketa pertsonalizatuak eskaintzen ditu ere, enpresa batek batez beste 7-9 partaidetza behar izaten dituela azaldu dute: “Autonomoek 3-6 partaidetza behar izaten dituzte, energia kontsumo txikiagora egokituta”.

Plakek sortzen ez duten gainontzeko energia saretik jasotzen jarraituko lukete Tokiko Energia Komunitatera batzen diren herritarrek, eta baina TEKren “onura gehigarri” gisa, urtean “argindar tarifa onenak” jasoko dituztela iragarri dute: tarifa finko eta tarifa indexatua. Hala ere, bazkideen esku geratuko da merkaturatzailea aldatu gura duten edo ez erabakitzea.
Komunitate mugatua.
Energia komunitatera sartzeak 50 euroko hasierako kostua izan ohi du, baina komunitatea eratze kanpainak iraun bitartean Sukarrietako bizilagunek ez dute ezer ordaindu beharko. Kanpaina azaroaren 30ean ixtea aurreikusten dute, baina plazak mugatuak direnez, aurretik beteko balira lehenago zarratuko lukete: “50 euroak komunitatearen altxortegian gordetze dira, baina ez dituzuenez ordainduko, ekarpen hori komunitatearen enpresa arduradunak egingo du, eta diru hori aurreztuta egongo da, bazkideen artean zertara bideratu erabakitzeko”. Bazkideek 24 euroko urteko kuota ordaindu beharko dute, eta horrez gain, 8,10 euro, hilean.
Tokiko Energia Komunitateak eratzera bidean hainbat dira eman beharreko pausoak eta Sukarrieta oraindik lehenengo fasean dago: “Lehenengo puntuan gaude, obrak egin eta kanpaina hasten den horretan. Kanpaina ixten denean eta komunitatea zenbat bazkidek osatzen duten badakigunean, bigarren urratsa egingo dugu, orduan hasiko baitzarete lehen mozkinaz gozatzen, merkaturatzaileenaz. Fase horretan 50 euro kobratuko lirateke, baina zun kasuan doan izango da. Hurrengo urratsa autokontsumoa aktibatzea izango litzateke, orduan hasiko baitzarete aurrezpen hori ikusten. Une horretan, urteko tasa kobratuko da (urte amaierarako geratzen denaren proportzioa), eta, gero, hileko kuota.
Interesa duten herritarrek dagoeneko zabalik dute TEK Sukarrieta komunitatean izena emateko aukera, Interneteko nabigatzailean TEK Sukarrieta bilatuta, 90-085 96 95 telefono zenbakira deituta edo sukarrieta@comunidadenergeticalocal.eu helbidera idatziz egin daiteke. Udaletik zehaztu dutenez, herritarren erantzuna ona balitz eta partaidetza guztiak beteko balira, biharko egunean udalaren jabetzako gainontzeko eraikinetan ere plaka ftovoltaikoak jartzea aztertuko lukete. Beteko ez balira, berriz, udalak beregain hartuko du soberakin horien ordainketa, eta erabilera udaletxera bideratuko da.