Lur gainekoa eta lurrazpia batzen dituen kodex alkimikoa
'Urdaibai Incógnito' liburua aurkeztu du LePatafisic Cabinet bikoteak. Urdaibaiko lur gaineko nahiz substratuko ondare natural, artistiko eta kulturala ezkontzen dituen eskuliburu edo kodexa da, eskualdeko hainbat udalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestua.
Ver esta publicación en Instagram
Roberto Garaik eta Alberto Palomerak osatutako LePatafisic Cabinet bikote artistikoak beste urrats bat egin du bere arte, kultur eta sormen ibilbide oparoan. Ereño Museoaren eskutik, Urdaibai Incógnito izeneko liburua ondu dute, “Urdaibai ikuspegi sortzaile eta original batetik” aztertzera datorrena. Ingurune fisikoan ikus daitezkeen elementuak substratuagaz, lurpeko munduagaz, uztartu dituzte obra berrian, eskualdeari eta bere ondareari buruzko “begirada artistiko ezberdin eta sakona” lortzeko.
Artefaktu artistiko berri hori non aurkeztuko, eta Ereñon bertan. Gaur [urriak 10], egile biak eta proiektua bultzatu duten erakundeetako babesleak aurkezpen agerraldian egon dira. Eskualdeko hainbat alkatek ez dute liburuaren plazaratze ekitaldia galdu gura izan, ezta egitasmoa sustatu duen Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Leixuri Arrizabalaga eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko kudeatzaile Aitziber Antsotegi ere. Kultur munduko izen entzutetsuak ere bertaratu dira, Kepa Junkera musikari busturiarra buru.
Roberto Garai: “Genesi libretan egindako zirriborroak dira liburuaren hazia”
Artea, ondarea, natura eta sormena barnebiltzen dituen “irudimenezko” mundua da egitasmoaren ernamuina, Garaik argitu legez: “Alde batetik, bada ikusi eta igarri daitekeen mundu bat; bestetik, lurrazpia dago, substratua, zapaltzen dugunaren azpian gertatzen den oro”. Bi egileek, sormen prozesu baten atarian dauden “bakoitzero” sumatzen duten modura, “energia delako bat” igarri zuten, eta energia hari tiraka hasi zen lanaren bilakaera.
Burutik eskura salto egin, eta gerora liburuaren gorpuztea izango zena beraien “Genesi libretan” zirriborrotzen hasi ziren. Beharrezko zuten materiala pilatu ondoren, “kodex itxurako” obra sortzeari ekin zioten: “Eta Urdaibairen lur gaineko zein lurrazpiko artea eta natura jorratzen dituen eskuliburu alkimikoa lortu dugu”.
Alberto Palomera: “Kobazulo batean Ereñoko lurrazpia aztertzen genbiltzala, ezezagun genituen grafikoak bururatu zitzaizkigun”
Lana egiterakoan aurkitu zuten “erronka handietako” bat ideiak atontzea eta garbira pasatzea izan zela adierazi du Garaik: “Zirriborroak behin eta berriro egiteko lanetan aditu hutsak gara, baina ez hainbeste hain antolaketan. Alde horretatik, gure sormen jarioa nahiz kaos artistikoa modu bisualean eta liburu batean bilduta antolatzera zein aurkeztera animatu izan gaituen mirarietako bat Kepa Junkera izan da; betidanik sinestu du gugan, eta horrexegatik ageri da lanaren orrialde bitan”.

Arrizabalaga, Garairen eta Palomeraren azalpenak jasoz.
“Xenoglosia grafikoa”.
Xenoglosia deritzo hizkuntza bat maisuki hitz egiteko eta dominatzeko gaitasunari, haren berri izan barik edota hura ikasteko aukera enpirikorik eduki gabe. Bada, Palomerak azaldu du LePatifisic Cabineteko bikoteak “xenoglosia grafikoa” eduki dutela: “Kobazulo batean Ereñoko lurrazpia aztertzen genbiltzala, ezezagun genituen grafikoak bururatu zitzaizkigun; apurka-apurka dezifratu genituen, eta liburua xenoglosia haren emaria dela esan daiteke”.
Amaia Aldamizetxebarria: “Galeanok dioen modura, gizakiok ez gaude, zientzialariek dioten legez, atomok eginak, istorioz eginak baino”
Herritarrak egitasmoaren parte egin guran, Amaia Aldamizetxebarria ereñarra giltzarri izan da, pasarteetako bat bere eskutik sortu izanaz gain, proiektuaren esparru historiografikoaren arduraren zatitxo bat beregain egon baita; hain zuzen ere, bere argazki asko ditu lanak, lehen mailako “sostengu bisual” lana egiten dutenak. Proiektuan esku hartu izanagatik “oso pozarren eta eskertuta” azaldu daudalerriko memoriaren alde lan gehien egin duen herritarretako bat, eta LePatafisic Cabinetek lana goraipatu du. Istorioek herrien garapen antropologikoan eta tokian tokiko nortasunaren garapenean edukitako esanguraren jakitun, Eduardo Galeano idazle uruguaitarraren berbak bere egin ditu Aldamizetxebarriak: “Gizakiok ez gaude, zientzialariek dioten legez, atomok eginak, istorioz eginak baino”.
Leixuri Arrizabalaga: “Palomerak eta Garaik ere, beraien moldera, Urdaibairi begiratzeko molde ezberdina plazaratu dute, beraien orain arteko proiektuen errepaso oparoagaz batera”
Arrizabalagak paisaiek eragiten dituzten “sentsazio berezi edo pertsonalizatuak” azpimarratuz abiatu du bere esku hartzea: “Geranda mendira begiratzeak sentimendu eta pentsamendu ezberdinen uriola transmititzen du, toki honetan bizi izan eta bizi diren herritarrak arteagaz zein geologiagaz lotzera garamatzana. Palomerak eta Garaik ere, beraien moldera, Urdaibairi begiratzeko molde ezberdina plazaratu dute, beraien orain arteko proiektuen errepaso oparoagaz batera; giza begiari sarri ikusezin zaion eta artearen begirada berezia eskatzen duen kodexa erakutsi digute”.

Daniel Merchanen emanaldi esperimentala.
Asko eta asko dira jorratu dituzten toki, langai eta alorrak. Marmol gorriaren gizartea, Bermeoko Ormaza kontserba faktoria zaharra, domu jagoleak eta haiek utzitako ondorioak, Kortezubiko bestiarioa, Morgako Aingeruen ataria murala, Busturiko Aingerubide basoa, Gautegiz Arteagako kretazeoko atea, eta abar luze bat. Langai horiek denak, gainera, abenduan salgai egongo dira. “Bizkaiko Foru Aldundiak Durangoko Azokan argitara emango du lana, azokan plazaratuko ditugun berrikuntzeko bat legez”, azaldu du Arrizabalagak. Agerraldia biribiltzeko, “beste patafisiko batek”, Daniel Merchan musikari kolonbiarrak, saio esperimentala eman zuen.