Itsasoa eta dantzak batuko ditu aurtengo Ibarruriko Dantzari Egunak
Domekan [urriak 12] ospatuko dute Ibarruriko Dantzari Eguna, eta Baso Txoritxu Dantza Taldeko kideek itsasoa gaia oinarri hartuta prestatu dute aurtengo hitzordua. Izan ere, urtero gairen bat hartu, eta horren arabera aukeratzen dituzte dantzak eta musika, baita apainketa ere. Beraz, oraingo honetan, itsasoagaz zerikusia daukaten elementuekin apainduko dute frontoia.
Txistulariek eta trikitilariek lagunduta, kalejiran hasiko dute eguna, eta 13:00etan izango da ekitaldi nagusia, frontoian. Dantzari eta herriko abesbatzako kideen artean, 86 herritarrek eskainiko dute ikuskizuna.
Ohitura mantenduz, Dantzari Dantzagaz hasiko dute ekitaldia, Agintariena, Banangoa eta Txotxongilo dantzatuz. Jarrain, aurtengo gaian murgilduko dira. Sardinerak eta Larrain Dantzaz gain, Itsasoa gara eta Itsasoari begira abestiekin sortutako koreografiak eskainiko dituzte: “Ume, gazte zein nagusiok dantzatuko dugu, eta dantza bertikala ere edukiko dugu, Asier Egiarteren eskutik”. Gainera, Etxanoko buruhandiak ere gonbidatu dituzte.
Herri bazkarian 130 bat lagun batzea aurreikusi dute. Bazkalostea girotzeko, bingo musikatua edukiko dute, eta gero, berriz, Luhartz erromeria taldeko kideek dantzan ipiniko dituzte berriro ere herritarrak: “Iaz giro ederra sortu zen erromerian, eta aurten ere horrela izatea espero dugu”. Goizetik gauera arte giro polita egoten dela azpimarratu dute antolatzaileek, eta bertako zein inguruko bizilagunak dantzari egunera gonbidatu dituzte.
Egitaraua:
- 11:00. Meza nagusia, abesbatzagaz.
- Ondoren. Kalejira, txistulari eta trikitilariekin.
- 13:00. Ekitaldi nagusia.
- 14:30. Herri bazkaria.
- Ostean. Bingo musikatua.
- Ondoren. Luhartz erromeria.
- 20:00. Txokolatea.