'Gernike Palestinagaz', palestinar herriaren askatasuna aldarrikatzeko
Gernikako Ernaik manifestazioa deitu du etzi [urriak 11], 19:00etan, Merkurion, Gernikatik Palestinara elkartasuna helarazi eta Israelekiko boikota eskatu asmoz.
Argazkia: Ernai Gernika. Israelgo estatua palestinar herriaren kontra egiten ari den genozidioa salatzeko, Gernika-Lumoko gazteak kaleak hartzera deitu ditu Gernikako Ernaik, zapatuan [urriak 11]. Gernike Palestinagaz lelopean, Israelekiko boikota eta Palestinaren askatzea aldarrikatzeko manifestazioa deitu dute, 19:00etan, Merkurion hasita.
Ernaikideek Gernika-Lumon “memoria historiko antifaxista bizi-bizirik” dagoela eta horregatik, palestinar herria pairatzen ari den egoera latzaren aurrean isilik geratzeko ezintasuna dutela aldarrikatu dute: “Elkartasuna adierazteko unea da; horregatik, kalera aterako gara”.
Manifestazioa Israelgo estatuak “Palestinaren aurkako ofentsiba” abiarazi zuenetik bi urte igaro direnean deitu badute ere, Gernika-Lumoko kaleetan zehar genozidio “basatia” 77 urtez zapaldua izan den lurretan egiten daudela gogoratuko dute. Hala, azken asteetan egin bezala, euskal herritarrek kaleak hartzen jarraitzearen beharra nabarmendu dute.