Garaipena, multzokako fasea zabaltzeko modurik onena
Uniao Sportiva Azoris 82 eta 61 mendean hartuta ekin dio Lointek Gernika Bizkaiak Eurocup Womeneko multzokako faseari. Garaipena poltsikoratuta, berriro ere ligara begira dago Lucas Fernandezek zuzendutako taldea: domekan [urriak 12] Araskiren kontrako euskal derbia lehiatuko dute.
Argazkia: Lointek Bizkaia Gernika Final hamaseirenetara sailkatzera bidean halik eta arinen puntuak eskuratzen joatea komeni da, eta hala egin du Lointek Gernika Bizkaiak Eurocup Womenen multzokako faseko lehenengo jardunaldian. Lucas Fernandezek zuzendutako taldeak bere nagusitasuna erakutsi zuen atzo [urriak 8] Malosten, C multzoa estreinatu zuen Uniao Sportiva Azorisen aurkako neurketan 82 eta 61eko markagailuagaz gailenduz.
Lehen jauzitik nagusitu ziren etxekoak, eta Malosten elkartu ziren zaleen berotasunean, hasiera hasieratik aurrea hartzea lortu zuten, 13 eta 0ko lehen partziala ezarri eta talde portugaldarra neurketa etetera behartuz. “Normalitatetik kanpoko” lehen laurdena izan zen: errebotea kontrolpean izanik eta batik bat Masa Jankovic eta Esther Matarranzen puntuak baliatuta, eta jokalariak zein harmaila gozarazi zituen joko arinagaz, lehen laurdena 24 eta 4ko markagailuak itzi zuten granateek. Gernikarrak bisitarei “zalantza asko” sortzeko gai izan ziren, “ohikoa ez den” emaitza lortuta. Bigarren laurdena berriz, Uniao Sportivak ireki zuen, hiruko batekin. Halere, markagailuan hurbiltzetik urrun, saskiratze horrek gernikarren beste eraso bat ekarri zuen, aldea 38 puntutan handituz. Eurocup Women baina, lehiakortasun handiko txapelketa da eta portugaldarren ez zuten amore ematerik; hala, 6,75 metroko lerrotik erantzun zioten etxekoen erasoari. Bataren eta bestearen erasoak tarteko, bigarren laurdena 19-19ko partzialagaz itxi zuten: 42 eta 23.
Indarberrituta kantxaratu ziren portugaldarrak. eta bigarren zatian hiruko jaurtiketetan suguru agertu ziren, eta gernikarren aldekoa zen margailua irauli zezaketela zirudien. Barneko jokoan ere “indartsu”, Lointek Gernika Bizkaia estutu zezaketenaren ziur kantxaratu ziren. Izan ere, granateek defentsan izandako zenbait akatsek Uniao Sportivari tiro erosoak jaurtitzea ahalbidetu zion. Aldeko abantaila handia kudeatzeak intentsitatea eta kontzentrazioari eustea zaila izan daiteke, eta bisitariak 10 puntura hurbiltzean Fernandezek neurketa gelditu behar izan zuen. Hirugarren laurdenean Fernandezen taldeak ez zuen erakutsi gura duten maila eman, baina hala ere, “distantziak kudeatzeko gai” izan ziren azkenean: “Angela Salbadoresen bajarekin —orkatila min hartuta dauka— errotazio murriztuagoa izan dugu, eta jokalari bakoitzari esfortsu handiagoa eskatu dio horrek”.
60-50. Hamar minuturen faltan aldea 10 puntukoa zen. Laura Westerik aurrerapausoa eman zuen bai erasoan, bai defentsan, eta 9-2ko partzialagaz, berriro ere arnasa hartu zuten Malostekoek. Minutuen joanagaz eta garaipena ziurtatuta, Ane Olaetaren eta Ester Casteroren hirukoek abantaila 20 puntutik gora eraman zuten berriz ere. Hala, 82-61eko emaitzagaz C multzoko lehen bi puntuak Malosten gelditu ziren. Fernandez pozik agertu zen partidak utzitakoagaz eta taldea zoriondu zuen “ilusio handia” egiten baitzien Eurocup Womeneko multzokako fasea etxean garaipena lortuta hasteak.
Euskal Derbia.
Lehen garaipenaz zaletuekin gozatu ostean, berriro ere Emakumezkoen Endesa Ligari begira daude gernikarrak. Izan ere, estreinako jardunaldian Movistar Estudiantesen aurkako neurketan garaipen estua lortu ostean, ligako lehen Euskal Derbia lehiatuko dute granateek, Araskiren kontra domekan [urriak 12], 12:00etan. Fernandezek “intentsio handiko” partida aurreikusten badu ere, Gasteizera bertaratzeko aukera izango duten zaletuekin batera bizitzeko “gogotsu” daudela aitortuz.