Mareak Jaialdia, sormenaren olatuagaz bat egiteko hitzordua
Urriaren 13tik 18ra bitartean Mareak Jaialdiaren 11. edizioa hartuko du Bermeok. Sei egunetarako zazpi ekitaldi antolatu ditu Mb2000 elkarteak, "ahalegin handiz", eta gehienak doakoak dira.
Iaz lehenengo hamarkada ospatuta, kulturaren olatuari jarraipena ematera dator berriro ere Mareak Jaialdia. MB2000 elkarteak, Bermeoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako urteroko hitzordua “ezinbesteko” bihurtu da Bermeoko kultur agendan, eta aurten ere, “publiko ezberdinarentzat” pentsatutako ekimenez beteko du udalerria, urriaren 13tik [astelehena] 18ra [zapatua] bitartean.
Endika Etxebarria Kultura zinegotziak azpimarratu du Mareak Jaialdia kultura eta abangoardia uztartzen dituen “espazio paregabe” modura egonkortu dela, 11 urteko ibilbidea posible egin duten antolatzaileen lana aitortuz: “Eskerrak eman nahi dizkiet 11 urteko bidaia honetan parte hartu duten guztiei; antolatzaileei, artistei, babesleei eta, jakina, publikoari, urtero erakusten baitu jaialdiarekiko babesa eta gogoa, eta horrela lortu da honaino iristea”. Aurtengo edizioa ere ziur “une ahaztezinez beteta” egongo dela adierazi du zinegotziak.
Mareak Jaialdiak sei egunetan zazpi ekitaldi eskainiko ditu aurten, gehiengoak doakoak izanik. Izan ere, ordainpekoak izango diren jarduera bakarrik asteburukoak izango dira, hau da, urriaren 17an [barikua] eta 18an [zapatua] Bermeoko Kafe Antzokian eskainiko diren kontzertuak. Horien prezioa 8 eurokoa izango da.
Ane Ortube Mareak Jaialdiko antolatzaileak “mimoz eta ahalegin handiz” prestatzen duten ekimena dela gogorarazi du, jaialdia “herritarren topagune eta sormenaren leku” dela sinesten dutela berretsita: “Aste kultural honen barruan, proiekzioak, musika irteerak eta ipuin-kontalariak izango ditugu, gustu guztietako herritarrentzat antolatutakoak”. Hala, herritar guztiak gonbidatu ditu datorren astean sormenaren mareagaz bat egitera.
Tradizioa eta abangoardia herri kulturan lelodun jaialdia antolatzea urte guztian zehar egin beharreko “behar handia” bada ere, MB2000 elkarteko kideak “pozarren eta gogoagaz” egiten duten lana dela aitortu du. Era berean, Etxebarriak egin legez, Ortubek ere babesleen, udalaren, aldundiaren eta urtez urte Mareak Jaialdira bertaratzen direnen leialtasuna eskertu du.
Topaleku ezberdinak.
Astelehenetik barikura bitartean, denetariko kultur ekintzak hartuko ditu kostaldeko udalerriak, eta horietara hurreratzen direnek eszenatoki ezberdinez ere gozatzeko aukera edukiko dute; izan ere, Bermeoko Kafe Antzokiaz gain, Frantziskotarren Klaustroan eta Arrantzaleen Museoan ere geldialdia izango du jaialdiak. Frantziskotarren Klaustroa izango da 11. edizioko lehenengo geralekua, astelehenean, 18:30ean, 16 urtetik gorakoentzako ekitaldi bategaz: Emeen Kemen, Maider Alcelay eta Igor Salesen ipuin kontaketa. Narrazio musikatuak emakumeen “indarra eta ausardia” azaleratzen ditu, akordeoiaren doinuek lagunduta. Urriaren 14ko ekitaldia, berriz, Arrantzaleen Museoan egingo dute, 19:00etan, eta kontzertu akustikoa izango da: “Lapurdiko Habia taldea etorriko da, eta biola, biolina eta biolontxeloagaz emango dute kontzertua, azken solairuan. Ea giro polit-polita sortzen dugun”. Folk klasikoa eta euskal tradizioa uztartuko dituzte, besteak beste, Etxepare, Gandiaga eta Sarrionandia bezalako autoreen idatziek lagunduta.
Arrantzaleen Museoan jarraituko du jaialdiak urriaren 15ean (19:00), Ana Galarraga eta Pettiren Frankestein agurgarria errezital musikatuagaz: “Victor Frankestein doktorearentzako gutun musikatua da. Testua eta abestiak uztartuz, hainbat gogoeta transmititzen dira, ikuspegi moderno batetik”.
Bermeoko Kafe Antzokira egingo du jauzi Mareak Jaialdiak eguenean, ikus-entzunezko bategaz. Sretno dijete (2023) dokumental kroaziarra proiektatuko dute: “Sobietar blokearen erorketaren eta Balkanetako gerren aurreko garaiaren lekukotasuna da, eta 1980ko hamarkadan Zagrebek izan zuen musika eszena zirraragarria arakatzen du”. Izan ere, Igor Mirkovic zuzendariaren lanak Zagreb-ko punk eta new wave mugimenduak gogoratzen ditu, gazteengan izan zuen eragina islatuz. 19:30ean jarri dute hitzordua, eta sarrera librea izango da.
Asteburuko kontzertuak.
Bermeoko Kafe Antzokiak “euskal folkaren gau berezia” hartuko du urriaren 17an; izan ere, donostiar batek, gasteiztar batek eta gernika-lumotar batek osatutako Besaide taldea igoko da oholtzara. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, taldeak euskal folkaren berrikuntza irudikatzen du, eta beraz, bertaratzen direnak Euska Herriko folk eszenako “talde fresko eta aurreratu bat” bertatik bertara ezagutzeko aukera edukiko dute. Jaialdiari amaiera emateko, urriaren 18rako “galdu ezin daitezkeen” kontzertuak antolatu dituztela azaldu du Ortubek; hala, 20:30an hasita, Reserva Espiritual de Occidente talde madrildarra, Doce Fuegos talde asturiarra eta Comando Psicografico Euskal Herriko eta Galiziako kideez osatutako taldea igaroko dira kafe antzokitik. Hiru taldeek “folk iluna, esperimentazioa eta arte perfomatiboa” uztartuko dituztela aurreratu dute, 11. edizioari bukaera “paregabea” emateko.
Urriaren 18an baina, goizetik ekingo diote egitarauari, Sorbituafako Iruinarrira bisita gidatua antolatu baitute Mb2000koek. 09:45ean jarri dute hitzordua, Bermeoko autobus-geltokian, eta 11:30an Juan Carlos Quintanagaz batuko dira haren azalpenak entzuteko: “Urdaibaiko altxor megalitiko hau ezagutzeko aukera eskainiko duen irteera hau ere dohainik eskainiko da”.
Kontzertuak, errezitalak, ipuin kontaketak… Ortuberen esanetan jaialdiko egitaraua antolatzen duten ekitaldi guztiak “garrantzitsuak” dira; hala ere, hitzorduren bat nabarmendu beharko balu, azken eguneko kontzertuak aukeratuko lituzkeela aitortu du. Halaber, bai ordainpeko sarrerak, bai doakoak ekitaldi bakoitzaren lekuan bertan eskuratu ahal izango direla gogoratu du. Hala, pertsona guztiei jaialdiagaz bat egiteko gonbita luzatu die. Nadia Nemeh Bermeoko alkateak ere antolatzaileen lana balioan jarri gura izan du, eta Mareak Jaialdira bertaratzeko deia egin die bermeotarrei.