Agintarientzako "ardura eta seriotasun" deiadarra
Guggenheim Urdaibai Stopek elkarretaratzea egin du Laidan, ordezkari politikoei Astilleros Murueta S.A. enpresaren orubea deskontaminatu eta "lehortutako" padura eremua lehengoratu dezaten eskatzeko. Ikertzaileek plazaratutako alarma deiari jaramon egiteko eskakizuna ere aireratu dute.
Herritarrak, Laidako elkarretaratzean.Guggenheim Urdaibai Stop Guggenheim Urdaibai Stop herritar plataformako kideek elkarretaratzea egin zuten atzo [urriak 7], Ibarrangeluko Laida hondartzan, “politikariei nahiz agintariei ardura eta seriotasuna” eskatzeko asmoz. Eragile taldeko partaideek duela urte bi, 2023ko uztailaren 4an, Aitor Estebanek “harrotasunez” egindako adierazpenak gogoratu zituzten, beren salaketa egiterakoan: “Estebanek adierazi zuen Espainiako Gobernuari 40 milioi euro kendu zizkiotela, Guggenheim Urdaibai makroproiektuari azken bultzada emateko. Hain zuzen ere, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministeritzak duela urte bi adostutako hitzarmenak argi eta garbi azaltzen du, besteak beste, Murueta Ontziolaren jabetzapeko 42.384 metro koadroko azaleradun eremua deskontaminatzeko eta lehengoratzeko asmoa, baita ontziolaren eraikin hondakinak botatzekoa ere”.
Akordio hori gorabehera, urte biko tarte horretan, itsasontzi bi itsasoratu dira ontziola horretatik; azkena, atzo bertan uretaratu ere. Horren aurkako jarrera irmoa erakutsiz, agintariei “zentzuz jokatzeko eta jokabide eraginkorrak hartzeko” eskakizuna helarazi gura izan zieten Laidako hareatzatik. Nabarmendu zuten biosfera erreserbak bere kontserbaziorako dituen babes elementuak ez direla “aho zabalez” aipatzeko eta enpresa pribatuen “gurariak asebetetzeko” eginak: “Figura horiek errespetatuak izan daitezen ezarritakoak dira, inongo baldintzarik gabe; diru publikoa herritarron beharrizanei erantzuna emateko da”.

Ardurarako eta seriotasunerako deialdi kolektibo hartan, gogoratu zuten Astilleros Murueta S.A. enpresak erdietsitako kontsezioa 1943. urtekoa dela, eta “dagoeneko iraungita” dagoela. Enpresak marearteko eremuan eraiki zituen bere instalazioak, “eta erreserban hondamendi ekologiko agerikoa” egin zuen: “Estuarioaren hondoa behin eta berriro dragatu dute, ertzak eraldatu dituzte, eta paduretako 53 hektarea lehortu dituzte; eremu hori 74 futbol zelaik duten azaleraren parekoa litzateke”. Herritarrek argitu nahi izan zuten “okupatutako” sail hori, “errekalifikazio prozesu” baten parte izateaz gain, Bizkaiko Foru Aldundiak “erosi beharko lukeen” eremua ere badela: “Herritar guztion lepotik, noski”.

Ondorio “larrien” jakitun.
Plataformakideek ikerlariek plazaratu dituzten iritziak azpimarratzeko aukera ez zuten alferrik galdu: “Biodibertsitatearen azterketagaz zein kontserbazioagaz konprometiturik dauden ikertzaileek argitu dute Guggenheim makroproiektuaren Muruetako egoitza horrek babes ekologikoa behar duen inguruan ondorio larriak ekarriko lituzkeela; hala Bizkaiko Foru Aldundiari, nola Eusko Jaurlaritzari eskatu diote proiektua aurrera eroan ez dezatela eta, horregaz batera, beharrezkoak diren neurriak har ditzatela, lehorturiko padura esparrua lehengoratzeko eta, hala, berriro marearteko eremu izan dadin. Bide hori jarraituz baino ezin izango da Urdaibaiko uretako hegaztien kontserbazio eraginkorra aktiboki bultzatu”.