Urdaibaiko turismo informazio guneek 48.000 bisitari artatu dituzte udan
2024ko udako denboraldiagaz alderatatuta zifrek behera egin badute ere, turismo eredua "kontzienteagoa eta errespetuzkoagoa" izan da. Urremendi Landa Garapen Elkarteak kanpainaren balorazio positiboa egin du.
Uda amaitzeagaz batera, Urremendi Landa Garapen Elkarteak udako kanpainaren balantzea egin du, balorazio positiboa eginez. Iza ere, “48.000 pertsona inguru” izan diraaurten, uztailean eta abuztuak Gernika-Lumoko, Bermeoko edo Mundakako turismo-bulegoetatik edota Gaztelugatxeko informazio gunetik igaro, edo eskualdeko kudeatzaile turistikoren bat kontsultatu dutenak. Aurreko urteko datuekin alderatuta zifrak behera egin badu ere, elkartetik arrakasta kopuruan barik, “kalitatezko turismo eredu jasangarri gisa finkatzean” dagoela nabarmendu dute.
Aitziber Ansotegi Urremendiko gerenteak azpimarratu duenez, turismo bulegoak bisitarien esperientzia sustatzeko “funtsezko baliabideak” dira: “Gune horietan batutako datuen arabera, Gernikakoa izan da bisitari gehien izan dituena, 17.000 bisita baino gehiago izan baititu; ondoren, Bermeo eta Mundaka daude”. Turismo bulegoetako datuek ia 30.000 bisitari batzen dituzte, 2024an baino %17 gutxiago, baina Urremenditik, beraien helburuekin bat eginez, turismo “kontzienteagoa eta errespetuzkoagoa” izan dela zehaztu dute. “Gure estrategia ez da izan turismo masiboa lortzea, baizik eta garena estimatzen dutenek eta eskualdeari balioa ematen diotenak erakartzea. Benetako erronka kalitatean haztea da, ez kantitatean”, adierazi du Ansotegik.
Udako datuak.
Uztaileko eta abuztuko datuei erreparatuta, Gernika-Lumokoa izan da udan bisitari gehien hartu dituen Urdaibaiko turismo-bulegoa: 17.467 pertsona artatu dituzte, iaz baino 1.238 gutxiago. Gehienak Espainiatik iritsitakoak izan dira, 10.390, zehazki. Nazioarteko bisitarien kontsultak, berriz, 5.916 izan dira eta Bizkaia, Araba edo Gipuzkoako bisitariak, berriz, 1.161. Mundakakoan, berriz, 5.934 kontsulta izan dituzte, 2024an baino 1.044 gutxiago. Turismo bulegoak artatutako bisitari gehieneak Espainiar estatukoak izan dira (3.026); 2.072, berriz, nazioartetik ailegatutakoak. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako datuei dagokienez, 836 izan dira bulegotik igaro direnak.
Bermeoren kasuan, eraikina birgaitzeko lanak direla eta, turismo bulegoa ez ohiko toki batean dago, eta “ohi baino gutxiago”izan dira bertatik igaro diren bisitariak: 6.363. Horien gehiengoa, 4.867 bisitari, Espainiatik etorritakoak izan dira. Nazioartetik, berriz, 1.271 bisitari heldu dira eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoatik, 225.
Gaztelugatxe informazio guneak, berriz, “egonkor” mantendu da, Busturialdeko “interesgune nagusietako bat” izaten jarraituz. Aurtengo udan 16.341 kontsulta egin dira bertan, 8.378 Espainiako bisitariengandik. Nazioarteko bisitariak 6.996 izan dira, eta euskal jatorrikoak, 967.Bestalde, Urdaibaiko turismo-kudeatzale digitaletan 1.498 kontsulta erregistratu dira.
Bisitarien jatorriari dagokionez ez da aurreko urteekiko aldaketarik nabaritu eta, beste urte batez, Madrildik, Kataluniatik, Andaluziatik eta Valentziako Erkidegotik etorritako turistak gailendu dira. Nazioarteko bisitei dagokienez, Frantziatik, Italiatik, Alemaniatik, Herbereetatik, Ingalaterratik eta Belgikatik iritsitakoak izan dira gehienak.
Turismoaren desestazionalizazioa.
Mendi-ibilien eta zikloturismoaren bidez turismo desestazionalizazioaren aldeko apustuagaz jarraitzen du Urdaibaik. Izan ere, bi jarduera horiek eskualdeko aberastasun naturala modu jasangarrian eta ingurunea errespetatuz ezagutzeko aukera eskaintzen dute. Urremenditik zehaztu dutenez, maila eta publiko ezberdinetara egokitutako oinezko eta bizikletazko ibilbideen sare zabalagaz, Urdaibaiko Biosfera Errserba urte guztian zehar “esperientzia erakargarriak” eskaintzen dituen helmuga legez sendotzen ari da, “oporraldi tradizionaletatik haratago, turismo eredu arduratsu eta birsortzailearekiko konpromisoa sendotuz”.
Ansotegik eskualdean giltzarri izaten jarraitzen duen lankidetza publiko-pribatua azpimarratu du, tokiko enpresek gastronimia eta kirol eskaintzagaz Urdaibai bisitatzen dutenen esperientzia aberasten dutela nabarmenduta: “Urdaibai turismo iraunkor eta konprometitu baterako erreferentziazko helmuga izan dadin laguntzen dute”.