Euskara sustatzeko diru laguntzak eskainiko ditu udalak
Bi diru laguntza mota eskainiko dituzte; batetik, euskara ikasleentzat eta, bestetik, gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egin dutenentzat. Eskarak egiteko epea urriaren 31ra [barikua] arte luzatuko da.
Bermeoko Udalak euskararen erabilera sustatu asmoz, bi diru laguntza mota eskainiko dizkie bermeotarrei. Batetik, euskara ikasteko dirulaguntza eskainiko dute, bestetik, gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egiteko laguntza. Eskaerak urriaren 31ra [barikua] bitartean egin beharko dira.
Udalak, euskara ikasteko diru laguntzei dagokienez, 2024-2025 ikasturtean edo udan egindako ikastaroak lagunduko ditu. Azaldu dutenez, dokumentazioa eta eskaera orria Berhaz bulegoan edo modu telematikoan aurkeztu beharko dira. Izan ere, diru laguntzen helburua euskara ikasten ari diren Bermeoko bizilagunei matrikula ordaintzea euskara ikasteko eragozpena izan ez dadin “erraztasunak ematea” dela azaldu du Iker Bilbao San Nicolas Euskara zinegotziak. Hala, diru laguntzaren onuradunak, ikasturtean zein udan homologatuta dauden euskaltegi edo barnetegietan helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten biztanleak izango dira.
Ikastaroa, amaituta.
Diru laguntza jaso ahal izateko, eskatzaileek baldintza batzuk bete beharko dituzte, hala nola, Bermeon erroldatuta egotea, matrikula egindako unetik ikastaroa amaitu bitartean gutxienez orduen %80ko asistentzia izatea eta ikastaroa amaitu izana.
Zehaztu dutenez, ikasle bakoitzak 300 euro jaso ahalko ditu, gehienez, ikastaro bakoitzeko. Ikastaro baten baino gehiagotan parte hartuz gero, gehienez 500 euro jaso ahal izango dituzte. Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzarik jasotzen duten eskatzaileek, bestalde, matrikularen zenbatekoaren %70eko diru laguntza jasoko dute. 2024-2025 ikasturtean edo udan langabezian egon direnei matrikularen %60agaz lagunduko diete (langabezia zati batean izan da modu proportzionalean aplikatuko da). Gainerako ikasleek, gehienez, matrikularen %50a eskuratu ahal izango dute.
Udalaren euskara ikasteko dirulaguntzak eta HABEk eskaintzen dituen laguntzak bateragarriak dira; hau da, biak eskaintzeko aukera dute ikasleek.
Gidabaimenaren prestakuntza, euskaraz.
Udalaren helburua herritarrei bizitzako alor guztietan euskara “normaltasunez” erabili dezaten laguntzea dela adierazi du Bilbaok, eta horretarako, gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egiten dutenei diru laguntza ematea “garrantzitsua” dela uste du. Euskara ikasleek bezala, interesdunek Berhaz bulegoan edo telematikoki aurkeztu beharko dituzte eskaerak.
Eskatzaileek Bermeon erroldatuta egoteaz gain, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz eginda, eta eskaera epa amaitu aurretik B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz eginda eta gaindituta izan beharko dute. Era berean Bermeoko Udalagaz zorrik ez izatea ere kontuan hartuko dute. Baldintzak betetzen dituzten herritarrek 150 euroko diru laguntza jasoko dute.
Zinegotziak pertsona guztiak, baina “bereziki gazteak” gidabaimena euskaraz lortzera animatu ditu, Bermeoko autoeskoletan euskaraz prestatu daitekeela gogoratuz: “Gazteak dira gehienbat gidabaimena prestatzen dutenak eta gaitasun osoa dute prestakuntza hori euskaraz jasotzeko”.
Diru laguntzei buruzko informazio gehiago gura dutenak Euskara Sailagaz harremanetan jar daitezkeela zehaztu dute, bai 94-617 91 22 telefono zenbakira deituz, bai euskera@bermeo.eus helbide elektronikora idatziz, bai www.bermeo-euskaraz.eus webgunearen bitartez.