Triñe ermitaren kanpoaldea berritu dute
Orain arteko esku hartzean fatxadako harrizko estaldura eta kanpoaldea garbitu, horma margotu eta kanpandorrea egokitu ditu Foruko Udalak. Datorren hilabeteetan Triñe ermitaren barrualdea kontserbatzeko eraberritze lanekin jarraitzea da asmoa.
Argazkia: Foruko Udala Urte luzez tradizio eta jai ezberdinen lekuko izanagatik, udalerrian “ikur enblematiko” bihurtu den Triñe bezala ezaguna den San Gregorio ermitaren kanpoaldea berriztu du Foruko Udalak. Balio handiko ondare arkitekniko eta historikoa den eraikin erlijiosoak gaur gaurkoz ere herriko zenbait ekitaldiren topagune izaten jarraitzen du, San Gregorio jaietan esaterako; horregatik, udalak bere “kontserbazioa bermatu” eta kanpo irudia hobetu gura izan ditu.
Mikel Magunazelaia Foruko alkateak adierazi duenez, foruarrentzat ermita sinboloa baino, “udalerriaren ikurra” da: “Tenplu honen kontserbazioa ez da ondare-erantzukizuna soilik, gure tradizio, sinesmen, erritu eta ohiturekiko konpromisoa ere bada. Horregatik, zaharberritzean inplikatu gara”. Zaharberritze prozesua Gondra Barandiaran Fundazioaren eta Juan Telesfoto de Arteche Fundazioaren laguntzagaz kudeatu dute, baita “parrokiaren aparteko lanari esker”.
Triñe “inoiz baino biziago” dagoen Foruko memoria historikoaren parte da; bere arkitekturak landa eremuko ezaugarriak ditu: “Fatxada xumea eta landatarra du, baina atsegina”. Hala ere, urteen igarotzeak eta ermitaren ondoko baserri batean emandako suteak egitura orokorrari kalte handia eragin zioten, teilatua nabarmen hondatuz. Horregatik, egindako esku hartzean fatxadako harrizko estaldura garbitzeaz gain, kanpoaldea garbitu, horma margotu eta kanpandorrea egokitu dituzte: “Lan guztietan jatorrizko eraikuntzaren benetakotasuna mantentzen saiatu dira”.
Kanpoaldea berriztuta, datorren hilabeteetan eraberritze lanekin jarraitzea da udalaren asmoa, Triñeko ermitaren barrualdea kontserbatu asmoz. Azaldu dutenez lan horrek “arreta berezia” eskatuko, Gernikako bonbardaketan desagertu zen San Joan elizatik berreskuratutako “erretaula baliotsua” baitago bertan. “Kontserbazio lan hauekin, herriko ermita guztiak, Baldatikako ermita, San Kristobalekoa eta orain Triñekoa, kontserbazio egoera ezinhobean egotea lortuko dugu”.