Tren geltokiaren eta Intxaurrondo plazaren artean oinezkoentzako irisgarritasuna hobetzeko lanak, martxan
Urremendi Landa Garapen Elkarteak 971.258 euroko inbertsioa egin du Mundakako bi guneen arteko zirkulazioa erraztuko duen "ibilbide irisgarri, seguru eta jasangarria" sortzeko. Urdaibaiko Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren barruan kokatzen diren lanek sei hilabeteko iraupena izango dute.
Argazkia: Mundakako Udala Mundakako tren-geltokiaren eta Intxaurrondo plazaren artean oinezkoentzako irisgarritasuna hobetzeko lanak martxan jarri ditu Urremendi Landa Garapenen Elkarteak, 971.258 euroko inbertsioa eginda. Proiektu estregikoak udalerriko bi gune neuralgikoren arteko zirkulazioa erraztuko du, “ibilbide irisgarri, seguru eta jasangarria” sortuz eta herritar eta bisitarientzat “funtsezkoa” den espazioa eraldatuz.
Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako proiektua irailaren erditik dago martxan, eta sei hilabeteko epean lanak bukatuta egotea espero dute. Epe horretan ingurunea urbanizatzea, irisgarritasuna hobetzea, trafikoa murriztea eta mugikortasun garbia bultzatuko duen ibilbidea sortzea aurreikusten da, horrela Mundakako gune turistikoa tren geltokiarekin lotuz edota herritarren joan-etorrietako alternatibak indartuz. Izan ere, “ingurumen eta kultura-izaera nabarmena” duen proiektuaren helburu nagusia ibilgailu probatuko joan-etorriak gutxitu eta garraio publikoaren erabilera sustatzea da. Era berean, azpiegitura berriak “berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten” lagunduko duela azpimarratu dute Urremenditik: “Esperientzia atseginagoa eta irisgarriagaoa bultzatuko du mundakarrentzat eta bisitarientzat”.
Aitziber Ansotegi Urremendiko kudeatzailearen ustez, proiektuak Urremendik eta Busturialdeak “mugikortasun iraunkorrago batekin eta bisitari guztien bizi-kalitatea hobetzearekin duten konpromisoa” islatzen du: “Jarduera honi esker, urrats berri eta garrantzitsu bat emango dugu herri-eredu atseginago, irisgarriago eta hobeto konektatu baterantz”. Izan ere, lanak Urdaibaiko Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren barruan kokatzen dira, eta eskualdea iraunkortasunean, irisgarritasunean eta ingurumena errespetatzen duen mugikortasunean “erreferentziazko lurralde gisa sendotzea” bilatzen du.
Horretarako, zarata eta kutsadura murriztea ahalbidetukoo duen disuasioko aparkaleku bat sortuko dute, “zirkulazioa gune sentikorrenetik desbideratuz eta oinezkoentzako eta bizikletentzako azpiegitura bat eginez”. Horrez gain, bai porturako ibilbidean, bai Urdaibaiko Biosfera Erreserba bisitatzen dutenentzat “helmuga puntu garrantzitsua” izanik, geltokiaren inguruan ere esku hartzea egitea aurreikusi dute. Aurreratu dutenez, lanek gaur egun ibilgailuen, trafiko-altzarien eta oinezkoen “esperientzia degradatzen duten oztopo arkitektonikoak” dituen sarbidea “berreskuratzeko eta duintzeko” aukera emango dute.
Kale mozketak.
Mundakako Udaletik lanen ezaugarriek aldizkako kale mozketak egitea eskatuko duela zehaztu dute, horiek “maiz” egingo direla azalduz: “Eraginpeko guneak etengabe seinaleztatuta egongo dira, eta bizilagunei eskatzen diegu bertan jarritako seinaleei adi egotea”. Era berean bizilagunei eskerrak eman dizkie erakutzitako pazientziagatik eta lankidetzagatik.