Bertokoa indartzera datorren eskaintza
Herritarrei kulturaz gozatzeko bideak eskaintzea du xede Gernika-Lumoko Kultur Etxeak, “denentzako eta denetariko” programazioa atonduz urte guztirako. Hala, udazkenean ez dira antzerki, bertso-saio edota kontzertuak faltako. Sarrera guztiak kulturagernika-lumo.eus webgunean lor daitezke.
«Urria da geuria»
Urteko kultur eskaintza euskarazkoa izaten da ia beti, baina urrian «fokua euskal kultura indartzean» jartzen dute. Bide horretan, urriaren 4an euskal dantzetan oinarritutako Amama: Euskal Herriko ipuinak dantzan ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Urriaren 12an, Katagorriearen elezaharra familia ikuskizuna antolatu dute, eta, urriaren 18an, «euskal musika, poesia eta marrazkiak» uztartuko dituen Gernika…Arbola…Ikur bat baino gehiago? lana ikusi ahal izango da. Lilibertsok, gainera, bertsoz beteko du udalerria: Liburutegien Nazioarteko Eguna baliatuta, bertso saioa eskainiko dute hilaren 24an, liburutegian, eta urteroko hitzorduari eutsiko diote Astelehen bezperako bertso saioagaz.
Herritarrei plaza eskainiz
Azarorako «gernikarrek egindako gauza asko» prestatu dituzte, «herritarrek beraien espazioa» izan dezaten bultzatzeko. Hala, Macarena Recuerdaren Pelikula bat balitz antzerkiaren bidez soinuak zineman eskaintzen dituen aukerak aztertuko dituzte azaroaren 8an. Aimar Cidek, berriz, bere diska aukeztuko du azaroaren 14an. Eta, familientzako ikuskizunak ere egongo dira aukeran, hala nola, Txitatoki Urdaibaiko Zirku Eskolaren Tavole zirku lana edo Semaforoa «multimedia ikuskizuna». Horrez gain, azaroaren 3an Euskalduna Jauregian egingo den Verdiren La fuerza del destino operarako autobusa eta sarrerak jarriko dituzte, «jendeak oso pozik hartzen duelako»; urriarren 1etik aurrera eskura daitezke. Bestetik, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela baliatuta, Berdintasun Sailagaz lankidetzan Nevenka antzerkia azaroaren 29an eskainiko dute.
Gabon giroan sartuta
Olentzero iritsi bitartean, «kultura tanta batzuk» sartzen ahaleginduko dira, baina, abendurako, «denbora luzez» ekarri nahi izan dituzten bi ikuskizun atondu dituzte: Kortxoaren dilema antzerkia eta Gazako Sol Band folk musika taldea. «Euren egoera oso larria da eta zenbat eta gehiago lagundu hobeto». Urtea Ene Kantaken Bisonte Mastodontearen Bila ikuskizunagaz agurtu ahalko dute familiek. Horrez gain, ikuskizun «gehienetan» beherapenak izateko aukera ematen duen 2026rako Laguna txartela lortzeko aukera kaleratuko dute.