Jai giroak lehen ordutik bete du Gernika-Lumo San Roke egunez
San Roke egunez gernikarrak mahaiaren inguruan elkartu dira, ohi modura, goizean prestatutako sukalkia jateko. Tradizioari jarraituz, gainera, ikurrinari ere omenaldia egin diote, eta kantuan ibiltzeko aukera ere aprobetxatu dute eguerdian.
Herriko jaietako egun guztiak izaten dira bereziak, baina San Roke eguna, egun berezienetan berezienetakoa da gernika-lumotarrentzak. Eta, eguzkipean, gogotik ari dira ospatzen bizilagunak.
Tradizioek hartu dute herria. Hasteko, Gernikako garrafie dastatu dute askok eta askok, bizilagunek zein kuriositatez hurbildu diren guztiek. Bitartean, baina, herriko txokoak jendez betetzen hasi dira, sukalkia prestatzeko mahaiz zein sukaldariz. Goiztiarrenak izan dira janaria prestatu dutenak, baina eguerdirako jendez gainezka egon da erdigunea.
Azken urteetan legez, gainera, ikurrinari omenaldia egin diote. “Gernika-lumotar gehienen sentimenduen kontra, Espainiako bandera ezartzera derrigortzen gaituztenen inposizioa salatu nahi dugu. Ez gaude ados. Inposatutako bandera horrek, ez du inoiz herri hau orde.zkatuko, ez lehen ez orain. Espainiako bandera zigor mehatxupean ezarritako bandera da gure erakundeetan”, adierazi dute.
Hori esanda, argi aldarrikatu dute: “Ikurrina da batu egiten gaituena, desberdinetan berdintzen gaituena. Gernikako arbolagaz batera, askatasun ikurra da gure ikurrina. Gure herriaren askatasun nahiaren ikurra da, giza eskubide eta demokraziaren ikurra, denontzat, salbuespenik barik. Herritar guztien elkarbizitza eta bizikidetzaren ezaugarria ere bada. Eta, gernikarrontzat, bakearen eta kulturaren herria den honetatik, ikurrina balio unibertsal horien sinboloa ere bada guretzat”.
Gero, 33 sukalki aurkeztu dituzte lehiaketara, hiru 25 urtetik beherakoen kategorian, eta 30 nagusienean. Gazteenetan onena Maia izan da, eta bigarren saria Bart taldeak jaso du. Betiko kuadrillarentzat izan da, berriz, hirugarren postua. Nagusien kategorian, 73,5 puntugaz, Xane nagusitu da, eta puntuazioan gertutik jarraitu dio Hiru Sakuren sukalkiak, 72,5 puntu lortu baititu. Hirugarrena, puntu erdira geratu da, 72gaz hirugarren postua Zurtxurentzat izan baita.
Horien ostean, Ipar tabernie, Etxe zuri, Ziklista Gernikesa, Bar Julian, Salda bero, Malloaga eta Txikiteruek sailkatu dira.
Sukalki onena zeinena den erabakita, mnahai inguruan jesarri dira bizilagunak, eta gero izango dute gorputzak mugitzeko aukera.