Gernikako jaietako lehen gaueko eraso matxistak salatu dituzte
"Gutxienez" bi eraso matxista salatu ditu Gernika-Lumoko jaietako eraso sexisten aurkako protokolo taldeak.
Gernika-Lumoko jaietako lehenengo gauean “gutxienez” bi eraso sexista salatu zituzten, eta, eraso sexisten aurkako protokolo taldetik “gogor” salatu zituzten atzo (abuztuak 15) bi eraso horiek, elkarretaratzean: “Argi utzi gura dugu: erasotzaileak ez dira ondoetorriak gure artera, eta txosnagunetik kanporatuak izan ziren. Eraso bat ere ez da geratuko erantzunik barik”.
Gehitu zuten “denon ardura” dela jai giroa emakumeentzako ere gune segurua izatea. “Posizionatu nahi ezak edo lagune denaren aitzakiarekin neurririk ez hartzeak egoera betikotu baino ez du egiten, eta erasotzaileak inpunitate osoz dabiltza gure artean”, argi adierazi zuten atzoko elkarretaratzean.
Gainera, instituzioen aldetik martxan jarritako egitasmoak “ez direla nahikoa” uste dute: “Berdintasun politikak eta zapalkuntzari aurre egiteko baliabideak eraginkortasun eza eta mugak erakusten jarraitzen dute”.
Erosoak ez direla kasu isolatuak berretsi dituzte, uda osoan zehar Euskal Herriko hainbat txokotan eman diren eraso sexisten artetik azkenak direla esanda. “Esan behar dugu, baita ere, ideia erreakzionarioen gorakada bat sumatu dugula, eta horrek indarkeria matxistaren gorakada eta normalizazioa dakartzala berekin”, adierazi zuten. Izan ere, salatu zuten Bezperada eguneko erasoei emandako erantzunean, “berriro ere”, jarrera arrazistak ikusi zirela, eta hori ez dutela onartzen argi eta ozen esan zuten.
Gernika-Lumoko neskek erasorik bariko jai askeen aldeko konpromsioa hartu dute, eta jaietan ere indarkeria matxistari aurre egiten ari dira, ez baitute euren herrian inolako erasorik onartuko: “Horretarako lehen lerroan kokatzen gara. Eta, zentzu horretan, gizonei mezu argia bidali gura diegu: beste era batera adierazten ez badugu, ez dugu lehen lerro hori bere egiten duten gizonik behar. Hortaz, emakumeok gidatuko ditugu kanporatzeak”.