Barraketako langile batek neska gazteei izaera sexualeko kontraprestazioak eskaini dizkiela salatu dute
Gernikako Sare Feministakoek esan dutenez, erasoak azken bi urteetan gertatu dira. Hala, udalarekin harremanetan jarri dira, udalari dagozkion neurriak hartzeko eskatzeko: "Erasotuarekin zuzenean hitz egin gabe ezin omen dutela ezer egin esan digute. Lotsagarria iruditzen zaigu".
Barraketako langile batek neska gazteei —tartean adingabeei— izaera sexualeko kontraprestazioak eskaini izana salatu du Gernikako Sare Feministak. Esan dutenez, erasoak azken bi urteetan gertatu dira: “Azken egunetan jakin berri dugu, autotxokeetako langile bat neska oso gazteei fitxen truke izaera sexualeko kontraprestazioak eskatzen ari dela, gutxienez bi urtetan”. Eta hori gutxi balitz, langileak “neskei jarraitu eta intimidatu” diela ere salatu dute, “horiek ezkutatu behar izateraino”.
Hori dela eta, eta erasotzaileak lanean jarraitzen duela konprobatu ostean, sare feministakoak udalarekin harremanetan jarri dira, udalari dagozkion neurriak hartzeko eskatzeko, “hori berriro gertatu ez dadin”. Jasotako erantzuna, baina, “lotsagarria” iruditu zaie: “Erasotuarekin zuzenean hitz egin gabe ezin omen dutela ezer egin esan digute. Lotsagarria iruditzen zaigu jaien testuinguru honetan errelato honen aurrean erantzun hori ematea, udala baita jaiak askatasunez gozatzeko bermeoak jarri behar dituena”.
Ondorioz, autodefentsa feministaren bitartez, espazio guztiak emakumeentzako “seguruago egitearen” alde lanean jarraituko dutela gehitu dute: “Erasotuaren ondoan eta erasotzaileak aurrean egongo gara. Gure gorputzak ez dira merkantzia“.