Santa Ana eta Urbieta lotzen dituen zubia, zabalik
Azpiegiturako zutabeetan xilogafoak agertu eta usteldu egin zelako 2023an aurreko zubia kendu eta gero, gaur [abuztuak 12] Santa Anako aparkalekua eta Urbietako kirol instalazioak lotuko dituen oinezkoentzako pasabide berria inauguratu du Gernika-Lumoko Udalak.
Gernika-Lumoko Udalak Santa Anako aparkalekua eta Urbietako kirol instalazioak lotuko dituen oinezkoentzako pasabide berria inauguratu du gaur [abuztuak 12]. Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, zubiaren proietuaren ardura hartu duten Mikel Landa eta Alazne Otxandiano arkitektoak, udal gobernu taldeko gainontzeko kideak, eta pasabidea zeharkatzen lehenak izan nahi zuten herritarrek bat egin dute gaur goizean herritarrentzako “funtsezkoa” den azpieguta berriaren nondik norakoak ezagutzeko.
Gorroñok gogoratu bezala, “duela ia 11 urte” zabaldu zuten estreinakoz bi puntuak lotuko zituen pasabidea: “Urbietara etortzeko edo erreka hegalera pasatzera joateko bide bakarra zegoen, Errenteriako zubian hasten zena, Kotxeak alde batera eta bestera zebiltzan, jendea oinez, eta istripu batzuk egon ziren. Orduan, auzi horri irtenbidea eman geniola ikusi genuen, eta Landa Berde inguruan 250 autotik gora har ditzakeen aparkalekua eta pasabidea egin genituen”. Zubiak herritarrei “kalitatea” eskaintzen ziola defendatu du, herritarrei zein bisitariei kirol-instalazioetarako bi minututan heltzeko aukera ematen zielako. Urte batzuk beranduago, baina, “zorte txarra” izan zutela zehaztu du: “Egurrak gaixoa hartu zuen, onddo bat, eta berria egin beharra izan dugu”. Orain, Landa eta Otxandianok zuzendutako proiektua amaituta, adineko pertsonek zein gaztetxoek “berriro disfrutatu dezaketen zubia” martxan dago berriro ere.

Landa arkitektuak azaldu duenez, proiektuaren hasiratik pasabide “iraunkorra” egitea izan da helburua: “Ez genuen 8, 18 edo 28 urte barru gaizki dagoelako aldatu beharra egongo zen zubia egin, eta horretarako, urte luzez irauteko modukoa diseinatu da”. Azpimarratu duenez, aurreko zubiaren zimendatzea erabili dute, eta traza ere berdina da, besteak beste, aurrekontuagatik. Hala ere, ezaugarri batzuk aldatu dizkiotela nabarmendu du: “Teilatua jarri diogu pasabidea babesteko, ura kentzen lagunduko diolako. Buzti eta irristatu gabe pasatzea posible izango da. Gainera, egurra ez da lehengo bezalakoa; bi espezietako egurra erabili da: iroko (egitura) eta elondo (eskailerak). Bizi oso luzea dute eta bustita ere ez dira apurtuko, egurra hor egongo da egoera honea”. Halaber, pasabidea grisa mantendu dutela zehaztu du: “Ez diogu inolako akabera eman, ez apaingarri gisa ez ezer. Horrela gehiago iraungo du, kolorea emanez gero zaintza lanak egitera behartuta egongo zinatekete”.
Zinta mozketa. Alkateak urte luzez Gernikako adinduen elkarteko presidentea izandako Jesus Garatxena herritarra gonbidatu du beragaz batera pasabidea ofizialki inauguratuko zuen zinta mozketara: “Gernikaren zale amorratua da, taldeak jokatzen duen bakoitzean Urbietara etortzen da. Lehengo pasabidetik etortzera ohituta zegoen, eta orain pasabide berritik etorriko da”. Hala, biek zinta moztuta, herritar guztiek erabiltzeko zabalik geratu da zubi berria.
