Tortilla usaina eta beroa, San Lorentzotxu eguneko protagonistak
San Lorentzo jaietako tortilla txapelketak inoizko parte hartze handiena izan du aurten: guztira 167 tortilla aurkeztu dituzte. Festa giroak etenik gabe aurrera jarraituko du arratsaldean, eta gauean, Potato, Süne, Akerbeltz eta DJ Elepuntoren kontzertuekin agurtuko dituzte jaiak.
San Lorentzo jaien egitarauaren barruan, San Lorentzotxu ospatzeko batu dira gaur [abuztuak 11] gernika-lumotarrak, Lurgorrin. Atzo herri bazkarian eta iluntzeko bertso saioan batu ostean, tortilla txapelketa izan dute gaur festa giroan elkartzeko aitzaki. Lagun talde eta familia batzuk bereziki goiztiarrak izan dira, tenperatura altuei eta eguzki izpiei aurre egin ahal izateko auzoko leku onenak hartu nahi izan dituztelako: karrerapeak, zuhaitzen gerizpea… Adin guztietako taldeek, abaniko eta haizagailua eskuan, kozinatzeko duten gaitasuna erakusteko ahaleginean aritu dira.Ā

Tortillak bakarrik ez, gildak ere prestatzen aritu dira goizean zehar Lurgorrin. Lagun talde asko tortillak egin eta egin aritu dira, aurkezteko ordua aurkezten itxura onena zuena aurkezteko. Epaileak ere jai eremutan bueltaka aritu dira, talde bakoitzak bere sua zuela egiaztatu eta auzoa garbi mantentzen zutela zaintzeko. Kuadrillaren batek, epaimahaiaren bisitaren urduritasunagatik edo, kozinatutako guztia galdu du, tortilla lurrera erori baitzaie. Hala ere, jai giroa nagusi izan da goiz guztian zehar, eta ezbeharrei barre eta txantxekin erantzun die.Ā Ā
Epaimahaiak lan handia izan du gaurkoan, “inoiz baino tortilla gehiago” aurkeztu baitira aurten Lurgorriko tortilla txapelketara: 167. Lurgorri Jai Batzordetik gogoratu dutenez, iaz 125 inguru izan ziren, hau da, aurten “50 tortilla gehiago” dastatu behar izan dituzte. Parte hartzaileek gainera, zaporea bakarrik ez, aurkezpena ere gogotik zaindu dute, epaimahaikideei lana gehiago zailtzeko. Gilda txapelketan ere denetarik ikusi da, batzuk tradizonalagoak, beste batzuk, berriz, sormen handiagokoak.Ā

Jolasak eta musika.Ā Arratsaldean txosna inguruan batuko dira Lurgorrin, gazta eta garbantzu jolasak izango baituzte aukeran. Batetik, gaztaren pisua igarri beharko dute eta, bestetik, poto batean bildutako garbantzu kopurua asmatu. Ostean, Zurekuren eskutik egurrezko jolasak ezagutzeko aukera izango dute, antolatzaileek azaldu legez, “ume eta ez hain umeei jolasteko beste modu bat” erakusteko. Auzoa girotzearen ardura Kittu musika taldearen esku geratuko da.Ā
Jaiak gaur agurtuko dituzte, baina azken segundura arte luzatzeko prest daude Lurgorrin. Hala, gauerako festa goizaldera arte luzatuko duen musika egitaraua prestatu dute. 22:30ean Potatogaz hasiko dute musika gaua. Jarraian, Sune, Akerbeltz erromeriaren eta DJ Elepuntoren esku geratuko da jai giroa ahal bezain beste luzatzea.Ā