San Romaneko jaiak, aurreikuspenak beteta
Hilabete luzez egindako lana eta gero, jaiek emandakoagaz eta auzotarren erantzunagaz "pozik" agertu dira San Romaneko Jai Batzordetik.
Argazkia: San Romaneko Jai Batzordea Auzotarrek auzotarrentzat egindako jaiak dira San Romanekoak. Bi egunez ospatzen dituzte, baina horiek antolatzea hilabete luzeko lana da San Romaneko Jai Batzordea osatzen duten auzotarrentzat. Aurtengo jaiak bariku [abuztuak 8] eta zapatuan [abuztuak 9] ospatu zituzten, eta lanak amaituta, atseden hartu eta datorren urtean berriro gogotsu itzultzeko prest daude batzordekideak. Gainera, aurtengo jaiek emandakoaren balorazio “positiboa” egin dute: “Dena ondo atera da, eta jendea pozikg geratu da. Gauza antolatu eta gero ondo irtetea positiboa da beti”.Ā
Aurreikuspenak bete zituzten jaiek, auzotarrek espero bezala erantzun baitzioten beraientzat prestatutako egitarauari: “Auzotarrak bertan izan ziren, eta hori da beti egoten den jendea. Muxika kanpotik ere gazte batzuk etorri ziren, baian gutxi, baina bertakoak San Romanen egon ziren”.Ā
Barikuan San Romaneko III. Kronoigoeragaz ekin zioten jaiari. Aurten 69 parte hartzaile izan zituen probak, eta hori antolatzaileentzat “asko” da: “Aurten aurrerapauso bat eman dugu. Orain arte denborak guk hartzen genituen eskuz, baina aurten inbertsio potente bat egin dugu, eta laguntzaile bategaz, krono enpresa bat ekartzea lortu dugu”. Kronometrajea enpresa horren esku geratu da, eta horren emaitzak momentuan izatea ahalbideratu die antolatzaileei: “Txirrindulariei egin duten denbora momentuan ezagutzea gustatzen zaie, eta aldi berean guretzat tentsio handiko momentua zena kendu dugu”. Izan ere, jai batzordekoek erloju batekin aritzen ziren, hasierako ordua eta helmugakoa apuntatu eta bakoitzean igarotako denborak eskuz kalkulatuz.

Argazkia: Txebi Arriaga
Zapatuan, berriz, tortilla txapelketan batu ziren auzotarrak. Familia taldeak izaten dira nagusi txapelketan, baina aurten neska gazte talde bat ere animatu zen: “Neska gazte talde bat etorri zen eta beraiek irabazi zuten saria. Ez zuten espero eta pozik joan ziren”. Gainera, San Roman eguna Nagusien Eguna izan denez urte askotan zehar, horien parte hartzea garratzitsua da antolatzaileentzat: “Tortilla txapelketan, adibidez, tortillak probatzen eta epaile lanetan ipintzen ditugu”.
Iluntzean berriz V. Irrintzi Txapelketa lehiatu zuten, ume eta helduen parte hartzeagaz: “Epaileak pozik agertu ziren, umeak, belaunaldi berriak ere gogotsu datozelako”. Helduetan iaz baino parte hartzaile gutxiago egon badira ere, Muxikatik kanpoko jendea ere animatu zen. Hala, lehenengo saria Bedaronara eraman zuten. Gauez, auzotarrek musika eta dantza artean agurtu zituzten jaiak.Ā
Argazkiak:Ā
– Kronoigoera: Txebi Arriaga (@txebiarriaga)
– Jaiak: San Romaneko Jai Batzordea (@sanromanekojaibatzordie)