San Roke jaiak indartuz, auzoa biziberritzea helburu
Eratu berria den Bizirik Tonpoi-Tala auzo elkarteak garai bateko San Roke jaiak berreskuratu gura ditu eta, horretarako, bi eguneko egitaraua prestatu dute.
San Roke jaietarako prestatzen hasita daude Bermeon. Tala hurbiltzeagaz batera urrunetik ikus daiteke jaiak iragartzen dituen pankarta moduko bat, eta auzoa ere auzolanean apainduta dago. Aurtengo jaiak bereziak izango dira, sortu berria den Bizirik Tonpoi-Tala auzo elkarteak garai bateko San Roke Eguna eta San Roke bezpera berreskuratu nahian bi eguneko egitaraua atondu baitu. Bermeoko Udalagaz elkarlanean, elkarte eratu berriak helburu argiak ditu: auzoa biziberritzea, belaunaldi berriei tradizioa hurbiltzea eta auzotarrek elkarrekin partekatzeko espazioak sortzea. Hala, bariku [abuztuak 15] eta zapaturako [abuztuak 16] egitarau zabala prestatu dute.
Arrantzaleentzat “jai egun berezienetakoa” da San Roke eguna [abuztuak 16] Bermeon eta hala ospatu izan dute urte luzez, Talan. Azken urteetan baina, “indarra galduz” joan direla ikusita, egoera irauli nahian Bizirik Tonpoi-Tala elkartea osatzen duten “30 lagun inguru” jaien antolaketan buru-belarri sartuta dabiltza. Lana “mimoz eta komunitate sentimenduz” egiten dihardute.
Eskola zaharra berreskuratuz.
Elkarteak aurrerantzean erabiliko duen lokalak —antzinako Talako eskola— ere San Roke bezperan zabalduko ditu ateak, eta egun handirako egun gutxi falta direnean, etenik barik lanean dabiltza elkartekideak. Izan ere, jaietan jende asko batuko duen puntua izango da, txosnetako bat bertan kokatuko baitute. Aurreratu dutenez, barikuan “amaitu arte” ogitartekoak saltzen arituko dira, eta zapatuan, berriz, tortillak, krepak eta San Roke egunez Bermeon falta ezin den marmitakoa kozinatuko dituzte. Hala, asteburuan Talara hurbiltzen duten herritarrei ez zaie jan-edanerako aukerarik faltako.
Auzotarrek oso argi dute arrerantzean erabiliko duten lokalak duen garrantzia eta “elkartruke eta elkarlanerako leku bat” izatea dute helburu, hala nola, bazkariak partekatzeko gunea, euskara eskolak egiteko tokia, umeak zaintzkeo espazioa eta baita herrira jaisteko zailtasunak dituztenentzako topagunea. Bizirik Tonpoi-Tala elkartekideak “pozik” daude, proiektuak auzoa saretu eta “bizitasuna emateko bidea” zabalduko duelako.
Urte luzez zarratuta egon den espazioa “auzoa biziberritzeko motor” bilakatu gura dute. Halaber, udalaren helburua erabili gabe dauden lokalei erabilera ematea da: “Auzotarren proposamenak oso positiboki baloratzen ditugu; gure asmoa da lokal hori biziberritzea, auzoari eta auzotarrei bizi handiagoa eman asmoz”. Hala, jaiak amaituta lokala behar dituen egokitzapenak egiteko itxiko dute.
Udalak asteburuan Talara bertaratu eta San Roke jaietan parte hartzera deitu ditu bermeotar guztiak. Era berean, zapatua izanik marmitakoa egiteko egun aproposa dela nabarmendu dute, kuadrillak suak hartu eta kozinatzera animatuz.
Sanrokeak “auzotarren indar eta elkarlanaren adibide” direla eta, auzotarrek beraiek belaunaldien arteko zubi bilakatu gura dituzte, hala aurtengo jaiak ospakizuna izateaz gain, “auzoa biziberritzeko, harremanak sendotzeko eta komunitate sentimendua elikatzeko” ere balioko dutela azpimarratu dute.
San Roke jaietako egitaraua:
Abuztuak 15, San Roke bezpera.
- 18:00. Txupinazoa eta txosna ireki,
- 18:30. Txokolatada (bakoitzak bere edalontzia eraman).
- 19:30. Karaokea.
Abuztuak 16, San Roke eguna.
- 11:00. Txosna ireki.
- 12:00. Kankinkabara txistu taldearen kalejira.
- 12:30. Umeentzako tailerrak.
- 13:00. Bingo (Talako lokalaren aurrean).
- 14:00. Arrekatxutxa Trikitixa taldearen kalejira.
- 14:30-16:00. Mariatxia.
- 16:00. Umeentzako jolasak.
- 16:00. Briska txapelketa. Izena aurretik eman beharko da: 11:00etatik 14:00ak arte, 8 bikote gehienez.
- 18:00. Galea taldearekin dantzaldia.
- 19:00. Otzararen zozketa.