Jaien atarian Palestinar herriari elkartasuna adierazteko deia
Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak Palestinak bizi duen genozidioa amaitzearen aldeko aldarrikapena egin eta elkartasuna adierazteko Elkartasun Argazkia deitu du etzi [abuztuak 13], 19:30ean, Auditorioan.
Elkartasun zapiaren bitartez, Palestinak bizi duen egoera euskal herritarrenn testuingurura hurbildu nahi izan du Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak, bereziki uda sasoiagaz batera datozen jaietan. Hala, Gernikako jaien atarian, elkartasun argazkirako hitzordua ipini dute, abuztuaren 13an [eguaztena], 19:30ean, Auditorioan.
Deitzaileen helburua jaietan “genozidioa amaitzearen aldeko aldarrikapena egitea, Palestinako herriari elkartasuna adieraztea” da, eta hori elkartasun zapiagaz ikusgarri egitea: “Elkartasun hori modu ekonomiko batean ere gauzatzen da zapiaren bitartez; sozializazio eta ikusgarritasun lan hori emaitza ekonomiko ere bihurtu daiteke”.
Gernikaren testuinguru historikoa sarri lotu izan dute deialdi herritarrekin Palestinak gaur egun bizi duen egoeragaz, horregatik jarri zioten Gernika-Palestina izena: “Deialdia zabaldu zen egunetik egoerak txarrera baino ez du egin. Gu oporretan, jaietan eta hondartzetan gaude, baina aldi berean ikusten ari gara Israel aurrera eramaten ari den fase gorena: gosetearen bitartez herri baten desegitea, deuseztatzea bilatzen hasi dela. Umeak gosez hiltzen ari direla ikusten ari gara, ikusten ari gara janari banaketa puntuak bonbardatzen hasi direla eta genozidioa goreneko mailara eramaten direla”.
Genozidioa “munduaren begibistan” egiten ari direla eta munduko baliabideak, arkitektura juridiko eta nazioarteko agintariak egoerari “erantzuten ez ematea” salatu dute, horrek sortzen duen ezintasuna nabarmenduta: “Ezin gara ezin ezer egitean erori, presioa egiten jarraitu behar dugu. Agintariei esan behar diegu beharrezkoak diren neurriak har ditzan eta batez ere, genozidioa amaitu bitartean Israel isolatzeko eta harreman diplomatiko, ekonomiko eta komertzial guztiak eteko, presio bide bihur dadin”.
Hala, Palestinari elkartasuna adierazten jarraitzeko deia egin die herritarrei, jaietan ere presente egon dadin. Elkartasun zapia jantzita, etzi auditoriora bertaratzeko deia luzatu die Gernika-Lumoko zein inguruko udalerrietako herritarrei: “Jaietara hurbilduko gara egun hauetan Gernikan, baina Palestinako herria gogoan izango dugu, eta gogoan izango dugu Gernikako herria beti Palestinar herriaren ondoan izango dela”.