Barandika eta Lekerika, Gernika Grand Slameko finalean
Unai Lekerikak, Aritz Erkiagagaz batera, Ludovic Laduche eta Imanol Lopez kaleratu zituen finalerdian; Xabi Barandikak eta Gorka Sorozabalek, aldiz, Jean Olharan eta Thibault Basque menperatu zituzten. Biak San Roke eguneko [abuztuak 16] final handian izango dira.
Argazkia: Eraman Zortzi puntista, lau bikote, bi neurketa eta final handirako bi plaza. Jai Alai pilotalekuak maila eta zirrara handiko bi partida hartu zituen herenegun [abuztuak 9]. Giro ederra harmailetan, tanto gogorrak eta markagailuari buelta emateko lan asko kantxan, baina azkenean erabakita gelditu ziren Gernika Grand Slameko finalistak: Xabier Barandika gernika-lumotarra eta Gorka Sorozabal miarriztarra batetik, eta Unai Lekerika gernika-lumotarra eta Aritz Erkiaga ispastertar beteranoa bestetik. Hala, San Roke egunez [abuztuak 16] bi puntista gernika-lumotarrek herritarren aurrean etxeko Grand Slameko txapela janzteko lehia edukiko dute, Jai Alain, 18:00etatik aurrera.
Harmailak goraino beteta eman zioten hasiera lehen finalaurrekoari: Barandika eta Gorkak Jean Dominique Olharan eta Thibault Basquek osatutako bikotea izan zuten parez pare. Lehenengo bikoteak piloteoan nagusitasuna erakutsita hartu zuen aurrea markagailuan, lehen seteko atsedenaldia 8 eta 5eko markagailuagaz joanez. Hasiera erosoa izan zuten, eta gernika-lumotarrak saihetsetik, sake errestoan zein hormabikoz tanto onak eginda, lehen seta poltsikoratu zuten (15-8).
Gorka eta Barandikak neurketa bideratuta zutela zirudien arren, Basquek sekulako aurrerapausoa eman zuen bigarren setean, eta zailenak ziruditen pilotakadak tatantoihurtu zituen. Olharanek bikotekidearen konfiantza hartu eta markagailuan aurretik kokatu ziren, 6 eta 11. Partida hirugarren setera bidean zihoan, bikote marroiak markagailuan atzetik aurrerako lana egin, eta banan banan puntuak bereganatzen hasi zenean. Barandikaren hormabikoak, sake errestoak eta Basqueren bi hutsek hamabira berdindu zuen finalaurrekoa. Akatsik egin nahi ezean aritu ziren laurak, eta tanto luze eta gogorrak jokatu zituzten, baina azkenean, garaipena gernika-lumotarrarentzat eta miarriztarrarentzat izan zen. Txapelketako hiru neurketak irabazita iritsi dira finalera. Gainera, bikoteak Pauko 2. Masterreko finalaurrekoa ere irabazi zuen barikuan [abuztuak 8], bi setetan (15-7 eta 15-8) Bixente Gonzalez eta Jerome Portet mendean hartuta.

Argazkia: Eraman
Lekerika eta Erkiaga ere txapelketa partida guztiak irabazita iritsi ziren finalaurrekora, baina Ludovic Laduche eta Imanol Lopezek ez zuten azken pilotakadara arte partida galdutzat emateko asmorik. Lehenengo setaren hasieran eroso sentitu da bikote marroia, baina markagailuan abantaila esanguratsua hartuta (14-7) zutela, erlaxatu egin ziren. Lasaitze hori garesti ordaindu zuten Erkiaga eta Lekerikak, bikote horia konfiantza hartuz banan-banan puntuak poltsikoratu eta aldea murriztuz joan baitzen. Seta irabazteko behar zuten tanto bakarra egin ezinik aritu ziren marroiak, eta konturatu zirenerako, markagailuan 14 eta 14koa jarri zuen Laduchek Jai Alain elkartutako zaleek gogotik txalotu zuten tanto ikusgarri bategaz. Momentu erabakigarri horretan, gernika-lumotarrak kontra-txapara bota zen pilota, eta markagailuari buelta izugarria emanda, lehen seta bikote horiarentzat izan zen.
Bigarren setean ere aurrea hartu zuten bizkaitarrek, bizpahiru tantoko abantaila mantenduz. Hala ere, Laduche eta Lopezek partidan sartuta jarraitzen zuten. Markagailuan 11 eta 8koa jarri zuen tantoak harmailak zuti jarri zituen: aurrelari getariarrak bihormabikoaota zuen, Erkiagak jaso eta sarearen ondotik errematatu baina Lopez iritsi. Zumaiarrak txapa gainean moztu zuen, baina gernika-lumotarra horra ere iritsi zen. Azkenean, bikote horiak eraman zuen tantoa. Hala ere, bigarren seta bizkaitarrentzat izan zen: 15-9. Lekerika eta Erkiagak nagusitasunez eta aurkariei inolako aukerarik eman gabe poltsikoratu zuten hirugarren seta (5-1).
Hala, zapatuko [abuztuak 16] final handiak Barandika-Gorka eta Lekerika-Erkiaga bikoteak izango ditu protagonista. Donostiako Final Four-aren aurretik Hego Euskal Herrian jokatuko den azken neurketa izango da Gernika Grand Slameko final handia. Denboraldi amaierako final fourreko hiru plazak ia guztiz aseguratuta daude bai aurrelarietan, bai atzelarietan: Erkiaga, Eñaut Urreisti eta Johan Sorozabal (aurrelariak) eta Basque, Gorka eta Lekerika (atzelariak). Laugarren postuarekiko lehia lau puntisten artean dago: aurrelarien artean, Barandika eta Laduchen arteko lehian aurrerapauso garrantzitsua eman du gernika-lumotarrak asteburuan. Atzelarien artean, berriz, laugarren postua Mikel Mantzisidor eta Lopezen artean dago. Hala, borroka horretan puntuak lortzeko aukera galdu dute Laduche eta Lopezek Gernika-Lumon.