Finalisten artean bozkatzeko momentua
Spookypheria Productions, Xsakara eta Alkartasuna Dantza Taldea izan dira Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan pregoilari izateko gehien errepikatu diren proposamenak. Azken erabakia bermeotarren esku dago, eta abuztuaren 18ra arte [astelehena] dute bozka emateko aukera.
Andra Mari eta Santa Eufemia jaiei hasiera emateko Nadia Nemeh Shomaly Bermeo alkateagaz batera udaletxeko balkoian egongo den pregoilaria aukeratzea herritarren ardura da Bermeon. Bermeotarrek beraien proposamenak egitera aukera eduki dute, eta Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, aurten 53 talde, pertsona edo elkarteren izenak jaso dituzte, gehien errepikatu direnak Spookypheria Productions, Xsakara eta Alkartasuna Dantza Taldea izanik.
Orain, hiru finalisten artean aukeratu beharko dute herritarrek, beraien botoagaz aukeratuko baita pregoilaria. Bermeotarrek abuztuaren 18ko [astelehena] 14:00ak arte izango dute beraien iritzia emateko aukera; bozka udalak zabaldu duen galdetegia betez edota Gizarte eta Kultura Etxean jarri duten kutxan eman ahal dute.