Eguneko eta gaueko giroa uztartuta datoz San Lorentzo jaiak
Lurgorri Jai Batzordeak "denetariko eta denentzako" egitaraua prestatu du San Lorentzo jaietarako; herri bazkaria, jolasak eta musika ez dira faltako domeka zein astelehenean Lurgorrin.
Esne Beltzaren kontzertua. Argazkia: Lurgorriko jai batzordea Datorren astean Andra Mari eta San Roke jaietan murgilduko da Gernika-Lumo, baina gernika-lumotarrek badakite udalerrian festa pare bat egun lehenago hasten dela, alegia, San Lorentzo jaiekin batera. Hala, domekan [abuztuak 10] ekingo diote Lurgorri Jai Batzordeak antolatutako “betiko” jai egitarauari, San Lorentzo egunagaz.
Ohi legez, txupinazoagaz emango diete hasiera jaiei, eta segituan, lagunarteko mendi martxari ekingo diote. Iaz parte hartzea “izugarria” izan zen, eta antolatzaileek aurreikuspen guztiak gainditu zituen: “Azken unean korrika joan behar izan ginen tabernetara solomo eta hirugiharra egiteko eskatzera, jendetza bildu zen”. Aurten domekaz egingo dute, iaz berriz zapatua izan zen, Izan ere, Lurgorri Jai Batzordekoen esperientziaz parte hartzeak behera egiten duelako deialdia kontzertu eta jai egun baten ostean egiten bada. Hala ere, herritarrek azken unera arte izango dute izen emateko aukera, 2 euroren truke: “Gero, gainera, luntx polita egoten da, solomo, tortilla eta guzti”.
Meza entzun ostean, Elai Alai Dantzari Taldekoek emanaldia eskainiko dute, erregelak eta dantzak dantzatuz. Gero, 14:30ean, Herri Bazkaria izango da domekako “ekitaldi garrantzitsuenetako”, eta aurten, gainera, berrikuntzekin datorrena. Orain arte batzordekideak egin izan dute bazkaria, baina aurten, Zallo Barri jatetxearen bitartez egingo dute, eta Lilibertsoko bertsolariek girotuta. Tiketak etzira arte [abuztuak 8] eskuratu ahal izango dira Degustacion Lurgorrin, Lorea Antxia ileapaindegian, Ai Enen, Junira tabernan edota Errota okindegian. Prezioei dagokionez, helduek 18 euro ordaindu beharko dituzte, umeek 12 eta, dagoeneko erretiro hartuta daudenak, 16 euro. Bazkalostean, egitarauan batu ez duten azken orduko “gauza bere bat” egongo da: Francisco Pantxo: rantxerak eta euskal kantak uztartzen dituen musika emanaldia.
Iluntzean dagoeneko San Lorentzo jaietan errotutako irrintzi lehiaketan batuko dira, ez ordea aurretik Kalapitaka eskolakoekin irrintzi poteoan ibili barik. Eguna Onintza Enbeita, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Koldo Gezuraga bertsolarien bertso eta koplekin agurtu dute.
San Lorentzotxu.
Astelehenean [abuztuak 11] jarraituko du festak Lurgorrin, “denetarik” egongo baita. Tortilla eta gilda txapelketagaz hasiko dute eguna, eta iazko “arrakasta” ikusita, aurten ere tortilla txapelketan parte hartzeko deia egin die adin guztietako kuadrillei: “Aurreko urtean pila bat jendek eman zuen izena, inoiz baino gehiagok. Azken urteetan gazte gehiago animatzen hasi dira, lehen agian parte hartzen ez zutenak eta hori aberasgarria dela uste dugu, jendea mugitu egiten eta eta parte hartu egiten du”. Arratsaldean, berriz, “denetariko eta denentzako” jolasak egongo dira jai giroa bizirik mantentze aldera.
Izan ere, egungo jai batzordeak duela hiru urte hartu zuen San Lorentzo jaiak arduratzeko ardura, eta egindako “lehen apustua eguna indartzea” izan zen: “Gauez ere bai, baina egunez jai giroa egotea, eguna ekintzaz beteta egotea”.
Kontzertuetarako tartea ere egongo da astelehenean, asko izango baitira oholtzatik igaroko direnak. 22:30ean Potatogaz hasiko da musika festa, jarraian Sune lasturtarraren emanaldiagaz jarraitzeko. Jaia goizaldera arte luzatuko dute Akerbeltz eta DJ Elepuntok, eta jai batzordetik aurreratu dutenez, Akerbeltz taldeak “kontzertua grabatu” egingo du: “Ez dakigu zerbait aterako duten edo zertarako den, baina grabatu egingo dutela esan digute”.
Festak “ahalik eta anitzenak eta onenak” izateko saiakera egin dute hilabete luzez Lurgorri Jai Batzordea osatzen duten kideek: “Hiru katuk, oso jende gutxik antolatzen ditugu jaiak, eta lan asko dago atzean, gauza asko lotu behar baitira”. Azaldu dutenez, jaiak aurrera ateratzeak eta jartzen dituzten hiru txosnak prestatzeak “gauza eta diru asko” eskatzen ditu, eta Gernika-Lumoko Udalaren diru laguntza jasotzen badute ere, hori “urtero ia berdina” dela azaldu dute: “Ez digu ia ezer ordaintzeko ematen, agian justu kontzertuetako talde bat”. Gainontzekoa jai batzordeak beregain hartzen du, “aurreko urteko irabaziak inbertituz”.
Segurtasuna.
Udalak “jai seguruago eta berdintasunezkoagoen aldeko konpromisoagaz” jarraitzen du, eta astelehenean doako garraio zerbitzua eta indarkeria matxistaren aurkako “sentsibilizazio-ekintzak uztartzen dituen gaueko dispositiboa” jarriko ditu. Azaldu dutenez, Bidebusaren gaurko zerbitzua 23:00etatik 06:00etara bitartekoa izango da, eta ibilbideak intermodala eta Santa Luzia batuko dute.
Bidebusaren “neurri nabarmenetakoa” eskaera bidez gelditzeko aukera izango da, “batez ere goizaldean bakarrik itzultzen diren emakumeentzat”. Hala, erabiltzaileek gidariari eskatu ahal izango diote etxetik edo azken helmugatik “ahalik eta gertuen uzteko”, betiere, ibilbidearen barruan.
Era berean, Berdintasun Sailak indarkeria matxistaren aurkako informazio guneak jarriko ditu: “Erraz ikusteko karpak izango dira, eta 23:00etatik 06:00etara egongo dira zabalik”. Azaldu dutenez helburua bikoitza da, herritarrak indarkeria sexisten inguruan sentsibilizatzea eta “kalteberatasun-egoeran” egon daitezkeen emakumeei informazioa eta baliabideak eskaintzea.
EGITARAUA:
- Abuztuak 10. San Lorentzo eguna.
- 09:30. Txupinazoa.
- 09:30. Lagunarteko mendi martxa, eta ostean, luntxa.
- 12:00. Meza nagusia.
- Ostean, kopaua.
- 13:00. Erregelak eta dantzak, Elai Alai dantzari taldearen eskutik.
- 14:30. Herri bazkaria, Zallo Barri jatetxearen eskutik.
- 16:00. XV. Mus Arin Txapelketa. Izen ematea, 20 euro bikoteko.
- 16:30. Pernilaren jolasa, txosnan.
- 17:00. Apar jaia eta puzgarriak.
- 18:00. Herri kirol parte hartzaileak eta erakuskaldia, Piratak Herri Kirol Taldearegaz.
- 19:00. Salsa mugikorra, Valle la Yuma akademiagaz.
- 20:00. Irrintzi poteoa Kalapitako eskolakoekin.
- Ondoren, irrintzi lehiaketa, Berbelagunek antolatuta.
- 21:30. Bertso saioa: Onintza Enbeita, Maialen Lujanbio. Andoni Egaña eta Koldo Gezuraga. Jai jartzaile lanetan, Zihara Enbeita.
- Abuztuak 11, San Lorentzotxu.
- 12:00. Tortilla eta gilda txapelketarako izen ematea.
- 13:00. Hildakoen aldeko meza, Lurgorriko baselizan.
- 13:45. Tortilla eta gilda aurkezpena.
- 15:00. Tortilla eta gilda txapelketako sari banaketa.
- 17:00. Gazta eta garbantzu jolasa, txosnan.
- 17:00. Zurezku egurrezko jolasak.
- 18:00. Kittu musika taldea.
- 19:30. Buruhandiak eta txokolatada.
- 22:30. Musika gaua: Potato, Sune, Akerbeltz eta DJ Elepunto.