Zizur Nagusiko erailketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte
Busturialdeko Itaiak domekarako [abuztuak 3] jarri du hitzordua, 20:00etan, Merkurion. Gernikako Sare Feministak, bestalde, astelehenean [abuztuak 4] deitu du elkarretaratzea, 19:00etan, Merkurion.
Busturialdeko Itaiak eta Gernikako Sare Feministak Zizur Nagusiko erailketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte datozen egunetarako. Itaiakoek domekarako [abuztuak] jarri dute mobilizaziorako hitzordua, 20:00etan, Merkurion eta “babesa eta elkartasuna” helarazi die hildaoaren ingurukoei. Sare feministak, bestalde, astelehenean [abuztuak 4] deitu du elkarretaratzea, 19:00etan, Merkurion.
Itaiatik indarkeria matxistagaz amaitzeko “erantzun kolektiboa antolatu beharra” dagoela aldarrikatu dute: “Ematen ari diren eraso kopurua ikusita, uda giroan ere, eraso matxisten eta erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzen jarraitu behar dugu. Edozein delarik testuingurua, lehentasunezko eginbeharra da indarkeria matxistaren aurka antolatzea”
Genero indarkeria. Martitzenean 78 urteko emakume bat hilda aurkitu zuten Nafarroako larrialdi zerbitzuek. Biktimaren senarrak deitu zuen larrialdietara eta erakutsitako “diskurtso inkoherentea” zela eta, ikerketa abiatu zuten. Gerora, agenteek senarra atxilotu zuten ustezko erailketa matxista izan zitekeelakoan. Ikerketak aurrera jarraitu du eta atzo, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak eta Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministerioak genero indarkeria kasua dela baieztatu dute.