'Han dator Xixili' kartelak iragarriko ditu jaiak
Leire Sanchez Patiño busturiarraren lana aukeratu dute bermeotarrek aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragartzeko.
Argazkia: Bermeoko Udala Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzea herritarren esku utzi zuen Bermeoko Udalak, eta bermeotarrek boto bidez beraien iritzia eman dute. Hala, astelehenetik eguaztenera bitartean jasotako botoak zenbatuta, Leire Sanchez Patiño busturiarraren Han dator Xixili izango da aurten jaietako egitarauaren azala.
Guztira 37 izan dira aurten lehiaketa aurkeztutako kartelak, eta epaimahaiak lehen fase batean hiru finalistak aukeratu zituen: Han dator Xixili, Bermeoko jaietan bihotzak dantzan eta Herriaren eta herriarentzat. Bigarren fasean herritarrena izan da hitza, eta guztira 619 izan dira bozkatu dutenak. 571 boto internet bidez jaso dituzte eta 48, berriz, Gizarte eta Kultura Etxeko kutxan. Udaletik jakinarazi dutenez busturiarra bietan nagusitu da.
Udaletik irabazlea zoriondu eta lehiaketak izandako parte hartzea eskertu dute: “Eskerrik asko lehiaketan parte hartu duzuen guztioi, eta baita ere zuen botoekin irabazlea aukeratzen lagundu duzuenoi”.
