Hamar egunez irakurzaleen topaleku izango da Lamera
Euskadiko Liburu Ganbarak antolatutako Liburu Azoka inauguratu dute gaur [abuztuak 1] Bermeon, eta zabalik egongo da abuztuaren 10era arte [domeka], 11:00etatik 20:00etara arteko ordutegiagaz.
Euskal Herriko ahalik eta herri eta txoko gehienetan irakurzaletasuna zabaldu eta liburua “laguna” denaren ideia zabaltzea du helburu nagusi Euskadiko Liburu Ganbarak, eta horretako, besteak beste, herriz herri azokak antolatzen aritzen dira. Gaur [abuztuak 1], beste urte batez, Bermeoko Lamera parkean inauguratu dute Liburu Azoka, eta abuztuaren 10era arte [domeka] bisitatu ahal izango da, 11:00etatik 20:00etara bitartean.
Asier Muniategi Euskadiko Liburu Ganbarako kidearen hitzetan, azokak “euskal produkzioa erakutsi eta gure idazleak ezagutaraztea” ere bilatzen du, eta horretarako, martxotik Gabonetara bitartean egiten duten kanpainagaz “liburuen eta irakurle izatearen garrantzia” bultzatzen dute: “Urtean Bizkai, Araba eta Gipuzkoan bakarrik, 3.500 libutu argitaratzen ditugu eta %50a euskaraz izaten da. Horrek adierazten du ekoizpen aldetik, sormen aldetik ondo gabiltzala. Gero, irakurleak ere erantzutea behar dugu, erosi eta irakurtzea”. Hala ere, erosi ezin duenarentzat bestelako aukerak ere badaudela azpimarratu du, hala nola, udal liburutegietara jotzea. Era berean, beraiek paperezko liburuak erabili arren “bestelako formatuak” ere ontzat ematen dituztela azpimarratu du: “Erabiltzen duzuna, erabili legez”.

Azokak denetariko eskaintza du, haurrei zuzendutako liburu eta ipuinak, helduentzako eleberriak, klasikoak…: “Haur eta gazte literaturan pila bat liburu daude, batez ere gazteentzako, hor dagoelako oinarria: gaztetatik hasi, irakurzaletasuna bultzatu eta herriko liburu dendetan bezero bihurtu”. Hedatutako idearen kontra, liburuak paperearen erostearen ohitura “gorantz” doala nabarmendu du, irakurleek papela “nahiago” izaten dutela zehaztu du.
Azokak Bermeon urtero “harrera ona” izaten duela adierazi du, irakurtzeko zaletasuna ez dutenak ere bertaratu eta “sarri” interesgarria egiten zaien libururen bat aurkitzen dutela nabarmenduz. Hala, hamar egun hauetarako “aurreikuspen onak” dituzte Euskadiko Liburu Ganbarakoek: “Bermeok beti erantzuten du ondo, zaletasun hori igarri dugu eta pozik etortzen gara. Ezer gertatu ezean, datorren urtean ere eman izango gara”.
