'Atunaren eguna' gastronomia jaialdia hartuko du BBK Klimak
BBK Klimak eta Bermeo Tuna World Capitalek antolatutako jardunaldiak bisitariek "ikastea eta gure ozeanoen zaintzari buruzko hausnarketa egitea" du helburua. Azoka, dastaketak eta tailerrak egongo dira Busturiko BBK Klima parkean, etzi [abuztuak 3], 11:30etik aurrera.
Atunaren eguna izenpean, tunidoei eskainitako jardunaldi gastronomiko eta kultura prestatu du BBK Klimak Bermeo Tuna World Capitalekin (BTWC) elkarlanean. Etzirako [abuztuak 3] jarri dute hitzordua, 11:30ean, ordu horretan hasiko baita aire zabaleko azoka.
Ainhoa Elortegi BBKko Ingurumen eta Garapen Iraunkorreko arduradunak adierazi duenez, Atunaren Eguna ekitaldi gastronomiko bat baino “askoz gehiago” da: “Gure elikagaien jatorriaren eta planetaren osasunaren arteko loturari buruz hausnartzeko gonbidapena da. Bisitatzen gaituztenek gozatzea, ikastea eta gure ozeanoen zaintzari buruzko hausnarketa egitea da helburua”. Horretarako, bertaratzen direnek hegaluzez egindako pintxoak dastatzeaz gain, “eguneko plater nagusietako bat” izango den dastaketa gidatuan parte hartu ahal izango dute; hala ere, esperientzia hori 40 pertsonara mugatua izango dela aurreratu dute. Parte hartzeko aukera dutenek lau tunido pintxo dastatuko dituzte, txakolinagaz lagunduta.
Maitane Leizaola Bermeo Tuna World Capitaleko zuzendari nagusiak lankidetza honen bitartez “jendeari atunaren eta arrantza jasangarriaren balio kulturala eta ekonomikoa” hurbiltzeko aukera izango dutela azpimarratu du: “Gizarteak itsasoak kostaleko komunitatearentzat bizi, nortasun eta etorkizun iturri gisa duen garrantzia onartzea nahi dugu”. Atunaren Eguna bezalako ekimenak hegaluzea bezalako produktu “enblematiko” bati balioa emateaz gain, “itsas baliabideen kontserbazioa ziurtatuko duten jardunbide arduratsuei buruzko ezagutza” era sustatzen dituela zehaztu du Leizaolak.
Horrez gain, ekitaldiak familiei zuzendutako programazio berezia ere eskainiko du. Hala, 12:00etatik 14:30era bitartean bertaratzen direnek Sareen mugak elkarrizketa parte hartzaile batez gozatuko dute. Tailer bat ere egongo da, HonSareren eskutik umeek sare birziklatuarekin osagarriak egiten ikasteko. Bi tailerretan izena emateko aukera zabalik dago.
Atunaren eguna bitarteko, BBK Klima parkerako sarrera doakoa izango da etzi, eta bertaratzen direnek eskaintzen dituen baliabide eta instalazio guztietarako sarbide librea izango dute. “Egun oso batez gozatzeko aukera paregabea izango da, natura bete-betean, Urdaibai bezalako ingurune pribilegiatu batean, jasangarritasunari, ikaskuntzari eta ingurumenarekiko loturari eskainitako espazioak esploratuz”, nabarmendu dute antolatzaileek.