Berrikuntzekin datoz aurten Sukarrietako jaiak
Bariku eta zapaturako ume zein helduentzako egitaraua prestatu dute Sukarrietan. Aurten, gainera, Sukarrietako Jai Batzordeak Kuadrilla Txapelketa antolatu du lehenengoz, ilusioa mantendu eta festa eremura "jende gehiago" bertaratzeko asmoz.
Txosna muntaketa, edarien eta beharrizan guztien eskaeren azken errepasoak, oholtzen muntaketa… Hamaika gauzatara begira daude Sukarrietako Jai Batzordea osatzen duten udalerriko 37 gazteak, hilabeetako lana herritarrei zein bertaratzen den edonori erakusteko momentua gero eta hurbilago baitago. Izan ere, bariku [abuztuak 1] eta zapatuan [abuztuak 2] ospatuko dituzte aurten Sukarrietako jaiak.
Gazte bakoitzak “bere zeregina” izan du jaien antolakuntza prozesuan, eta azkenean, “bi berrikuntzagaz” datorren egitaraua aurkeztu dute: “Berrikuntza garrantzitsuena kuadrilla txapelketa da; jaien ilusioa mantendu eta jende gehiago etortzeko antolatu dugu”. Hala, “beti” egin izan dituzten probak egin beharko dituzte, baina erakutsitako trebetasunaren arabera beraien kuadrillarentzat puntuak eskuratzen joango dira: “Guztira bost proba egongo dira, eta kuadrilla irabazle bat egongo da, zapatuan ezagutuko dena”. Jaiak inauguratuko dituen ekitaldian, hau da, itxas jaian, arraunean aritu beharko dira partehartzaileak etzi goizean; arratsaldean berriz, umore rallya izango dute puntuak lortzeko bigarren geraleku.
Egitarauaren barruan errotutako tortillada ez da faltako, eta aurten hori ere kuadrilla txapelketarako puntuagarria izango da: “Kuadrillak tortilla jateko elkartzen dira, eta gehienek etxetik ekartzen dute, beraz, ez dugu mugatu: etxean zein plazan egin ahal izango da tortilla”. Denak dastatu eta goxoenari puntuak emango dizkiote. Tripa ondo beteta, lotsak aldera batera utzi eta playback lehiaketan elkartuko dira.
Bosgarren proba puntuagarria zapatuan gauzatuko dute, “herritar gehien” batzen dituen ekintza den mozorro jaitsieragaz batera. Izan ere, mozorro onenak sarituko dituzte: “Ohitura da, udaletxe paretik parkera jaitsiera egiten dugu; antolatzaileak udaletxeko kamioian goaz, eta atzetik herri guztia”. Hala, zapatuan mozorro jaisierara zein gaueko mozorro festara hurbilduko diren herriko zein inguruetako herrietako bizilagunei “ahalik eta hoberen” mozorrotzeko eskaera egin dute jai batzordekoek.
Hala ere, zapatuko mozorro jaitsieraren aurretik beste ekintza batzuk ere izango dituzte aukeran, hala nola auto klasikoen erakusketa edota zumba saioa, El Conquistador del Fin del Mundo telebista saioko azken irabazlea den Marcela Damboreneagaz: “Herritarrek estera eta kirola egiteko arropa erosoa eramatea komeni da”. Arratsaldean bestalde, karta jokoen finalak jokatu dituzte, eta horretan sartu dute bigarren berrikuntza: “Orain arte bezala mus txapelketa izango dugu, baina horrez gain, aurten pokerra sartzea erabaki dugu”.
Frontenis txapelketa, “arrakastatsua”. Jaiak hasteko bi egun falta badira ere, jai batzordeak motorrak berotzen joateko antolatutako ekintza batzuk amaierara iristen hasi dira, esaterako, frontenis txapelketa. Aurtengo deialdia “arrakastatsua” izan da, guztira 45 bikotek parte hartu baitute: “Gizonezkoetan maila handiko 35 taldek parte hartu dute, eta emakumezkoetan, berriz, hamarrek”. Hala, atzo [uztailak 29] lehiatu zuten gizonezkoen finala eta Jon eta Josek osatutako bikoteak jantzi zuen txapela. Emakumezkoen finala, berriz, oraindik ez dakite ziur noiz jokatuko duten: “Txosna muntatzen gaude, eta justu frontoi aurrean dagoenez, ez dakigu jolasteko leku nahikoa egongo den; horregatik, atzeratzea erabaki dugu”.
EGITARAUA:
- Etzi.
- 10:00. Itxas jaia.
- 11:30. Igeriketa.
- 12:30. Krossa, ibilbide osaasuntsutik.
- 17:00. Umore rally-a.
- 20:00. Tortillada eta tortilla txapelketa.
- 22:00. Playbacka.
- 00:00. Mrs. eta Mrs. Sukarrieta.
- Zapatua, abuztuak 2.
- 11:00. Umeentzako jokoak.
- 11:00/14:00. Auto klasikoen erakusketa.
- 13:00. Zumba, Marcela Damboreneagaz.
- 16:00. Karta jokon finalak.
- 18:00. Mozorroen jaitsiera.
- 19:00. Sari banaketa.
- 20:00. Bingo.
- 22:00. Mozorro festa.