Oilo pop jaialdia, berriro martxan
Talari Kultur Elkarteak eta Must kooperatiba txikiak bultzatuta itzuliko da Oilo Pop formatu txikiko musika jaialdia, zapatuan [abuztuak 2], Bermeora. Amaia Miranda, Rudiger, Xsakara, Gori-gori eta LaMia Mari entzuteko aukera egongo da.
Pandemiak etena jarri zion Oilo Pop formatu txikiko musika jaialdiari, baina bost urteren ondoren, bosgarren edizioagaz iritsiko da zapatuan [abuztuk 2], Bermeora. Talari Kultur Elkarteak eta Must kooperatiba txikiak antolatu dute, Valentina Ridolfi eta boluntario talde baten laguntzaz. Izan ere, jaialdia biziberritzeko aitzaki hartu dute Talako kantinaren urteurrena, eta eguerdian hasi eta iluntzera arte musikaz beteko dute udalerria.
Formatu txikiko jaialdia izanik, “pop musikaren aniztasuna” ordezkatzera oholtzaratuko diren taldeak “bakarlari edo bikote formatuan” arituko direla aurreratu dute antolatzaileek. Gainera, kartela “oso ibilbide luzeko eta maila handiko izenek” osatzen dutela azpimarratu dute. Izan ere, Amaia Miranda, Rudiger, Xsakara, Gori-gori eta LaMia Mari entzuteko aukera izango dira hurreratzen direnek.
Amaia Mirandarena izango da eguneko lehen kontzertua, 13:00etan, “gazitzea egiteko erabiltzen zen arrantzale lonja zaharrean“. Bilbotarra gitarrista, konposatzailea eta abeslaria da, eta azkenaldian, Gorka Urbizuren taldeko kidea ere bada, zuzenekoetan. Bakarlari gisa bi disko eta EP bat argitaratu ditu, eta antolatzaileen esanetan, “ileak tentetzeko moduko” emanaldia eskainiko du.
Lonja zaharretik Talara egingo du jauzi jaialdiak Xsakaragaz. Gazteriaren arazoak izan ohi ditu rap, trap eta musika elektronikaren munduak “pauso sendoak” ematen dabilen bermeotarrak. Hala ere, Oilo pop jaialdirako Aritz Lertxundi bermeotarragaz —Aizoo eta Etxekalte taldeetan aritutako gitarra jotzaile, abeslari eta musikaria— batera “zerbait lasaiagoa” prestatu duela aurreratu dute antolatzaileek. Segituan, Felix Buff Rudigeren txanda izango da. Willis Drummond taldean bateria jotzaile legez egin zen ezaguna, baina 2020az geroztik bere bakarkako lehen lan “zoragarria” plazaratu zuen: “Sentsibilitate berezia duen musika da, moldaketa sofistikatu eta atmosfera hegalarietan murgiltzen zaituena”. Hala, beratarra bakarrik arituko da Talan, gitarra, pedala eta bere ahotsa lagun dituelarik.
Sintetizadoreak, klarinetea, marinbak eta “jarrera punkia” izango ditu Talako eszenatokia itxiko duen taldeak, Gori-Gorik: “Erritmo elektroniko errepikakorren gainean, testura hipnotikoak eta mugimendu akustiko teatralak erabiltzen dituzte, ahotsaren eszena kuriosoak deskribatzeko, dantzara salto egin aurretik”.
Lonjatik, Talara; Talatik, Kafe Antzokira. Gauak eztanda egingo du LaMia Mari dj “perfekzionistagaz”. Elektronika, musika urbanoa, klub dekonstrukzionista, global bass, guaracha… denetariko musika estiloen artean trantsizioak egiteagatik ezaguna da DJ donostiarra: “Estilo dinamikoenak eta bpm aldaketa eroenak puntu batetik bestera hibridatzen ditu maisutasun zoragarriz eta energia kutsakorrez”.
Jan-edana, bermatuta.
Oilo Pop jaialdiaren antolatzaileek tokiko produktuei “protagonismoa” ematea helburua, Talako ohiko eskaintzaz gain, Gure Poke janari furgoneta ere egongo dela iragarri dute. Halaber, “eskaintza interesgarria” osatzeko, Must kooperatibaren garagardoak ere izango dira jaialdian.
Antolatzaileek Nuntxaku Kultur Elkarteak, Bermeoko Txosnak eta Bermeoko Kafe Antzokiak antolakuntza eta prestaketa prozesuan izandako jarrera “aktiboa” eskertu dute, baita “herriko dj gazteena ere”. Izan ere, jaialdia “modu kooperatiboan” gauzatuko dutela nabarmendu dute, “baliabide teknikoak —musika ekipoak eta azpiegiturak— elkarbanatuz”.
EGITARAUA:
- 13:00. Amaia Miranda, lonja zaharrean.
- 19:00. Xsakara eta Aritz Lertxundi, Talan.
- 20:00. Rudiger, Talan.
- 21:30. Gori-gori, Talan.
- 23:00. LaMia Mari, Kafe Antzokian.