Lau hamarkada musikaren bitartez Bermeotik mundura begira
Bermeoko Nazioarteko Musika Asteak 40. urteurrena ospatuko du aurten, abuzturaren 4tik [astelehena] 8ra [barikua] bitartean. "Kalitatea eta aniztasuna" uztartuko dituen bost kontzertuz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.
Bermeotarren bihotzean bere lekua egitea lortu duen hitzordu kulturalik bada, Bermeoko Nazioarteko Musika Astea da. Herrian errotutako ekitaldia da, eta aurten lau hamarkadako ibilbidea ospatuko du, Musika Astearen 40. aldia izango baita abuztuaren 4tik [astelehena] 8ra bitartean [barikua] egingo dutena. Bermeoko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen “programa zaharrena eta sustraituena” denak bost kontzertuz gozatzeko aukera eskainiko die herritarrei aurten.
Endika Telleria kultura zinegotziak Musika Astearen ibilbidean zehar bertatik igaro diren artista batzuk gogoratu ditu, hala nola, Oskorri, Mikel Laboa, Kortatu edo Ruper Ordorika: “Herriari musika gertutatu diote eta herritik mundura begiratu dugu euren bidez”. Era berean, aurtengo egitarauak ere “kalitatea eta aniztasuna” uztartuko dituela iragarri ditu, estilo ezberdinez gozatzeko aukera egongo dela zehaztuz. Izan ere, aurten Duo Boreal, Duo Nakte, Iñar Sastre, Bilbao Orkestra Sinfornikoa (BOS) eta Kanbalatxe entzuko aukera eskainiko du kultur ekimenak.
Jaialdiak “formatu eta estilo ugari” izan baditu ere, azken urteetan, “bere akustika bereziagatik”, Santa Maria eliza izan du oholtza nagusi, eta aurten ere bide horretatik jarraituko dute. Hala, astelehenetik eguenera arteko kontzertuak Santa Maria elizan egingo dira, 20:00etan hasita. Barikuko emanaldia, berriz, Bermeoko Kafe Antzokira lekualdatuko dute, “soinu euskarri berezia” eskatzen baitu. Hala, barikuko kontzertu hori izango da ordaindu beharko den bakarra: 5 euro. Telleriak nabarmendu duenez ekimena “mimo handiz” prestatzen dute urtero, eta orain arte bezala, entzuleen aldetik harrera “beroa eta leiala” aurreisten du.
Kontzertu bat egunean.
Claudia Besne harpa jotzaileak eta Eva Calvo gitarristak osatutako Duo Boreal taldeak zabalduko du Musika Astea uztailaren 4ean. 2019. urtean sortu zuten taldea, bi artisten arteko “konexio artistiko handiak” bultzatuta, eta geroztik, “bikaintasun teknikoa eta interpretatzeko sentikortasun paregabea” dituen ikuspegi artistikoa landu dute Isabel Siewers interpretatzaile ospetzuaren eskutik. Duo Borealen proposamenak “emakume konpositoreen sormena eta talentua ospatu eta aldarrikatzen ditu”, eta horrela egingo dute Bermeon ere.
Martitzeneko [uztailak 5] kontzertua Duo Nakteren esku geratu da. Victor Orts saxofoi jotzaileak eta Julen Murga akordeoi joleak osatzen duten bikoteak “helburu amankomuna” du: “Altxorrak bilatzea gure ondare historiko musikalaren tratu txarrean, eta egungo sorkuntzarako bide izatea, gure garaiko konpositoreekin lankidetza estuan arituz”. Santa Maria elizan instrumentu konbinazioa “bakar eta erakargarria” eskainiko du.
Iñar Sastre euskal musikaria igoko da oholtzara uztailaren 6an [eguaztena], “musikaren errezital soil bat” izango ez den piano kontzertua eskaintzera. “2025ean Maurice Ravelen jaiotzaren 150. urteurrena izango da, eta piano kontzertu honetan konpositorearen bizitzako une eta aspektu esanguratsuenetatik zeharkaldi bat egingo du”, aurreratu dute udaletik. Eguenean [uztailak 7], berriz, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren txanda izango da. BOS Mikel Fernandezen zuzendaritzapean ariko da, eta Lorea Lopez sopranoa eta Aitor Garitano tenorea izango dira solista gisa jardungo dutenak. Aurreratu dutenez, zarzuelako pieza batzuk eskainiko dituzte, besteak beste Jesus Guridiren El Caserio, La Meiga eta Mirentxuren zenbait abesti eta Mendi-mendiyan, Jose Maria Usanditzagarena.
Kafe Antzokiko oholtzara, bestalde, Kanbalatxe igoko da, Salva Parada (akordeoia), Imanol Iribarren (pianoa), Amaiur Cajaraville (kontrabaxua), Fede Abreu (tango-kantaria), Alazne Quintanilla (biolina), eta Asier Galardi eta Marion Belguiral (tango-dantzariak) osatzen duten taldea. Musika eta dantza uztartzen ditu, esku zein ahotsetan tangoa “esperientzia partekatu” bihurtuz. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “giza emozioen hizkuntza unibertsalean” hitz egiten duen musika da, “mugak gainditzen” dituena: “Akorde bakoitzean, letra bakoitzean, tangoaren esentzia bera aurkitzen dute; nostalgia, maitasuna, tristura, alaitasuna…”. Kanbalatxeren kontzertutako sarrerak etzi [abuztuak 1] jarriko dira salgai, Gizarte eta Kultura Etxean zein udalaren web orrialdean.
Berrikuntza bezala, bertaratzen diren herritarrek kontzertuen inguruan duten iritzia ezagutu eta feedbacka jaso ahal izateko kontzertuetan QR kode bat zabalduko dutela iragarri du kultura zinegotziak.
Bermeoko Nazioarteko Musika Astearen berrogei urteko ibilaldia “ehunka artistak, milaka entzulek, eta herri oso baten parte hartzeak” osatzen dutela azpimarratu dute, belaunaldi ezberdinak lotu izan dituen ekimena baita. Horregatik, udaletik musikaz beteriko “aste berezi” horretan parte hartu eta gozatzera gonbidatu ditu herritar guztiak.
Urdaibaiko Organoak.
Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Egileor musika zikloa eskualdeko elizak zeharkatzen ari da beste urte batez, eta abuztuaren 10ean [domeka], Bermeo izango du geraleku. Orain arte musika zikloak San Frantzisko eliza izan du agertoki, baina aurten, elizako organoa zaharberritze lanetan dagoela eta, kontzertua Santa Maria elizan egingo dela iragarri du Miren Gabantxo zinegotziak: “Lan mando hori aurrera doa, horretarako akordio bat egon delako; alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzaketa; bestetik, Gondra Barandiaran Fundazioa, Bermeoko Udala, eta nola ez, bermeotarrek eta frantziskotarren diru-laguntzak”.
Bermeoko kontzertua “edozelakoa” izango ez dela aurreratu du, organoa eta txistua uztartuko dituela aurreratuz. Izan ere, Urdaibaiko Organoen kontzertuak musika bakarrik ez, “ondarea, artea eta emozioa” ere badira. Uztailaren 10eko kontzertuan Mikel Ansola markina-xemeindarra izango da organo jotzailea, eta Aritz Labrador txistu jole zornotzarra igoko dira oholtzara.