Hirugarrenean, bakailaoa eta ardoa protagonista
Gernika-Lumoko Azoka Berezia bakailaoan eta Errioxako ardoan oinarrituko da zapatuan [abuztuak 2]. "tokiko eta sasoiko produktuetan oinarritutako proposamen gastronomikoa" eskainiko dute Merkatu plazan, 09:00etatik aurrera.
Gernika-Lumoko Azoka Bereziak urteko hirugarren geldialdia egingo du zapatuan [abuaztuak 2], Gernika-Lumoko Merkatu plazan. Lehen bi hitzorduetan Urdaibaiko txakolina, gazta eta Gernikako piperrak izan ziren produktuek erakusketa, salmenta eta dastaketa oinarri dituen azokaren protagonistak, eta oraingoa, bakailaoan eta Errioxako ardoan oinarrituko da.
Azoka 09:00etan hasi eta 14:30era arte luzatuko da, eta bertaratzen direnei “tokiko eta sasoiko produktuetan oinarritutako proposamen gastronomikoa” eskainiko zaie, Gernika-Lumoko Udaletik jakinarazi dutenez. Herritarrek, “hurbileko jai giroaz” gozatu bitartean, bakailaoagaz egindako pintxoak dastatu ahal izango dituzte, Errioxako ardo kopa bategaz batera.
Bakailao eta ardo eskaintzaz gain, azokak zapatuetako ohiko eskaintza ere mantenduko du; inguruko baserritarrek beraien sasoiko fruitu, barazki eta produktuak salduko dituzte. Era berean, patea, eztia, gazta eta kontserbak ere eskuratu ahal izango dira bertan, “denak tokiko ekoizpenekoak edo artisau ekoizpenekoak”. Halaber, artisautzako zenbait postu ere egongo dira, zeramika eta “beste lanbide tradizional batzuk” herritarrei hurbiltzeko.
Udaletik azokaren helburua sukaldaritzaren tradizioari eta kalitatezko produktuari “balioa ematea” dela nabarmendu du, horretarako “bertako ekoizleen, sukaldarien eta merkatarien arteko lankidetzaren aldeko apustua” eginez. Horregatik, zapatuan “bestelako goiz bat” igarotzeko asmoa Merkatu plazara hurbiltzeko deia egin diete herritarrei, bertan “kalitateko produktuek, gertuko giroak eta tradiziiak bat” egingo dutela azpimarratuta.