Adar hotsez lagunduta hasi dituzte saninazioak, Bedaronan
Ikurriña igo eta txupinazoa botata ekin diete San Inazio jaiei Bedaronan, eta bihar [uztailak 31] gauera arte jai giroa bizi-bizirik mantentzeko prest daude Bedaruko Jai Batzordeko kideak. Bedaronan bezala, Foruan eta Laidan ere San Inazio eguna ospatuko dute bihar, egun guztiko egitarauekin.
Arratsaldeko bostetarako minutu gutxiren faltan erlojuari begira zeuden Bedaruko Jai Batzordeko kideak. Ikurriña prest, txupina nork botako zain, eta telefono guztiak momentua grabatzeko prest. Irrintziren bat edo beste ere entzun da. Urtebete eman dute Bedaruko San Inazio jaien esperoan, eta luze egin bada ere, azkenean, bostak eta hamar inguruan ekin diete ofizialki San Inazio jaiei.
Adar hotsak lagunduta ekin diote ikurriñaren igoerari, eta segituan, ikurriñak goreneko puntua ikutu bezain pronto, jaurti dute txupina. Festarako ekiteko gogoz zeuden, eta bat edo beste beranduagorako gorde badute ere, bost bat bolandera jaurti dituzte bata bestearen atzetik. Orduak aurrera egin ahala herriko zein inguruko jendea hurbiltzen joango zenaren jakitun, segituan lanera bueltatu dira: txosnak apaindu. pintxoak prestatu… Momentu horretan zabaldu dute Mus Txapelketarako ere, eta orduan hasi da jendea txosna inguruan pilatzen. Txapelketako sariak erakarrita batzuk —lehenengo bikotearentzat 400 euro eta txapela, bigarrenarentzat 300 euro, hirugarrenarentzat 200 euro eta laugarrenarentzat 100 euro—, karta jokoaren zale amorratuak direlako beste batzuk, 18:00retan izen ematea ixterako 64 bikote ziren izena emanda zeudenak.

Helduak karta jokoan aritu bitartean, umeek beraientzako prestatutako jolasekin gozatu dute. Beraduko Jai Batzordekoek beraien adinera moldatutako herri kirolak hurbildu dizkiete, eta jolas modura ulertuta, txinga eruteaz, giza probaz eta txokor batzeaz gozatu dute.
Mus txapelketatik kanpo geratzen joan direnak, zein jai eremura joan diren herritarrak kantu poteoan batu dira iluntzean, eta jan-edanean jarraituko dute 23:00ak aldera Sukar erromeriagaz batera dantzaldiari ekin aurretik.

Bihar, San Inazio. Atseden hartzeko denbora asko hartu barik, bihar [uztailak 31] San Inazio egunean batuko dira herrikideak, eta eguneko lehenengo hitzordua 12:00etan dute jarrita, meza entzuteko. Ostean, ez dira nesken esku pilota partiduak ez herri kirol desafioa faltako. Azken honetan trontza (Julen Iturraspe eta Ainize Perez), aizkora (Aitor Larrinaga), motozerra (Andoni Larrinaga) eta ardi ile mozketa ezagutzeko aukera izango dute Bedaronara bertaratzen direnek.
Arratsaldean, berriz, Zirko txosko konpainiaren Oh pera! antzerkia ikusteko elkartuko dira; Segituan, txalaparta, albota eta deiadar emanaldiaz gozatuko dute. 19:30ean helduko da aurtengo berrikuntzetako bat: Bedaruko I. Irrintzi Txapelketa. Jai batzordetik jakinarazi dutenez, izen ematea ordu erdi lehenago zabalduko dute. Gainera, sariak ere iragarri dituzte: lehen sailkatuak 85 euro eta txapela jasoko ditu, bigarrenak 70 euro eta saskia eta hirugarrenak, berriz, 45 euro eta saskia. Iluntzeagaz batera agurtuko dituzte jaiak, DJ Koetek jarritako musikaren erritmora
Foruan eta Laidan ere, jai. Saninazioetan murgilduta daude foruarrak azken egunetan, baina ez dute jaia eteteko inolako gogorik. Festarako gogotsu daude, eta hala erakutsiko dute datozen egunetan ere. Izan ere, egun handia izango dute biharkoa, San Inazio eguna ospatuko baitute. Herriko txistulariekin dianagaz hasiko dute eguna, 13:00etan mezan elkartu aurretik. Meza ostean, Urdaibai Dantza Taldearen eskutik erregelak dantzatuko dituzte. Dantza izango da festaren oinarri, arratsaldean ere Galizako Do Lusco o Fusco eta Urdaibai Dantza Taldearen emanaldiaz gozatuko baitute.
Festa giroa bizirik mantenduko da Foruan etzi [abuztuak 1] ere, Gazte Eguna ospatuko baitute. Hala, ez dira tortilla txapelketa edota Lilibertsoko bertsolarien saioa faltako. Jaien egitarauan gaueko kontzertuak izango dituen egun bakarra izango da, baina Gabinet, Marte Lasarte, Kaos Etiliko eta DJ Gorriontxu eta Laztanaren musika emanaldietan batu aurretik, 20:00etan karropoteoan batuko dira foruar gazte zein adinduak.
Ibarrangelutarrak Laidan elkartuko dira San Inazio egunez, 12:30 aldera Lorea Ume Dantza Taldekoek ermita parean eskainiko duten emanaldiaz gozatzera. Horrez gain, tortilla eta mus txapelketa ere izango dituzte aukeran. Arratsaldeko musika saioa dute aurreikusita, eta 18:30etik aurrera, Babelian taldea arfuratuko da festa girotzeaz.
EA (BEDARONA)
- Bihar. San Inazio eguna.
- 12:00. Meza nagusia.
- 12:30. Nesken esku pilota partiduak.
- 13:00. Argi eta Joseba trikitilariak.
- 14:00. Herri kirol desafioa: trontza (Julen Iturraspe eta Ainize Perez), aizkora (Aitor Larrinaga), motozerra (Andoni Larrinaga) eta ardi ile mozketa.
- 18:00. Oh pera antzerkia, Zirko txosko konpainiaren eskutik.
- 19:00. Txalaparta, alboka eta deiadar emanaldia.
- 19:30. Bedaruko I. Irrintzi Txapelketa.
- 20:30. DJ Koet.
FORUA
- Bihar. San Inazio eguna.
- 11:30. Diana Foruko txistulariekin.
- 13:00. Meza nagusia.
- Ostean. Erregelak, Urdaibai Dantza Taldearen eskutik.
- 19:00. Dantzak, Galizako Do Lusco o Fusco eta Urdaibai Dantza Taldeagaz.
- Etzi. Gazte eguna.
- 12:00. Tortilla Txapelketarako izen ematea.
- 14:00. Tortilla Txapelketaren sari banaketa.
- 16:00. Lilibertsoko bertsolarien saioa.
- 17:00. Bingoa eta briska txapelketa.
- 18:00. Karro poteoa.
- 22:30. Kontzertuak: Gabinet, Marte Lasarte, Kaos Etiliko eta DJ Gorriontxu eta Laztana.
IBARRANGELU (LAIDA)
- Bihar. San Inazio eguna.
- 12:00. Meza
- 12:30. Lorea Ume Dantza Taldearen emanaldia, ermita parean.
- 13:30. Tortilla txapelketa, plazan.
- Bazkalostean. Mus Txapelketa, plazan elkartuta.
- 18:30. Kontzertua: Babelian taldea.