Urrezko domina eta errekorra, Inma Ruizentzat
Atleta gernika-lumotarrak errepideko Espainiako Milla Master Txapelketa lehiatu zuen domekan [uztailak 27], Polacon (Kantabria), eta F60 mailan azkarrena izateaz gain, emakume guztian artean "korrika gehien" egin zuen atleta izan zen, errekorra eskuratuta.
Inma Ruiz sasoi betean dago, eta urte guztian egiten ari den bezala, bere maila altua erakutsi du asteburuan, Polancon (Kantabria) lehiatu den Espainiako Milla Master Txapelketan. Atleta gernika-lumotarra, bere mailan —F60 adin taldea— urrezko domina eskuratzeaz gain, txapelketako emakumeen errekorra bereganatuta itzuli da etxera.
Master mailako aire libreko Espainiako Txapelketan hiru urrezko domina poltsikoratu eta gero, domekan [uztailak 27] errepideko milla txapelketa lehiatu zuen gernika-lumotarrak. 1.609,34 metroko ibilbideari lehenengo txandan ekin zion Ruizek: “Proba batzuetan jende gutxi egoten denez, txandetan batu egiten gaituzte; nire txandan 65 urtetik gorako gizonak eta 55 urtetik gorako emakumeak egon ginen. Talde polita eratu zen”. Guztira 23 izan ziren txandan, baina horietatik hiru bakarrik ziren F60 kategoriakoak.

Argazkia: Inma Ruiz
Txapelketa goranzko zein beherazko aldapak zituen “zirkuitu oso poli batean” lehiatu zuten: “Hiru buelta eta erdi eman behar genizkion, eta niri asko gustatu zitzaidan”. Ibilbideaz gozatzeaz gain, garaipenagaz ere gozatu zuen gernika-lumotarrak, helmuga lerrotik igaro zen F60 mailako lehen izan baitzen: “Emakumeen artean laugarren sartu nintzen, beste atleta bategaz batera, baina nire aurretik sartu ziren bi neskak bezala, F55 taldekoa zen”. Ruizek 6:09ko denbora behar izan zuen lanak bukatzeko. F60 mailako podiuma Maria Nicolasek (06:19) eta Angeles Grisek (06:53) osatu zuten.
Ehuneko onena. Maila bakoitzeko azkarrerana urrezko dominak banatzeaz gain, txapelketak atleta bakoitzaren adina eta proba egiteko behar izandako denbora oinarri hartuta ehuneko bat kalkulatzen du, “korrika gehien” egin duena identifikatzeko: “Baremoa da, eta niri atera zait emakumeen artean ehuneko altuena. Suposatzen da, nire adina eta nire denbora ikusita, gainontzeko neskek baino askoz korrika gehiago egin dudala”. Hau da, emakumeen beste kategoria batzuetan badaude proba Ruizek baino azkarrago bukatu dutenak, baina adina kontutan hartuta, beraien ehunekoa txikiagoa da: Ruizek (64 urte) %88,61koa lortu du; bigarrenak, ‘5:18ko denboragaz eta 46 urtegaz, %88,01ekoa. Hori horrela, urrezko domina eta probako errekorragaz bueltatu da gernika-lumotarra: “Niretzat, harro egoteko modukoa da”