Mendia aitzaki hartuta, senidetzea indartuz
Argazkia: Goizale Mendi Taldea 2005eko Bakearen Bideaz geroztik, senidetuta daude Gernika-Lumoko Goizale Mendi Taldea eta Alemaniako Pforzheim Mendi Taldea. 2008an talde berri bat gehitu zitzaien, Vicenzako (Italia) mendi taldea. Geroztik, pandemia saldu, urtero elkartzen dira uztailean, herrialde ezberdinetako mendiak ezagutzeko. Aurten Austriara bidaiatu dute denek, uztailaren 11tik 18ra bitartean “bertako mendietaz gozatzera”.
Urte bakoitzean talde bat arduratzen da antolaketaz, eta aurten alemaniarren esku geratu da ibilaldiaren prestaketa: “Sellrain inguruan duten mendi-aterpera eraman ginduten, eta Pforzeimer Hütte-a eta inguruko gailurrak ezagutzen ibili ginen”, azaldu dute Goizale mendi taldekoek.
Aurtengo espedizioa 37 lagunek osatu dute: Gernika-lumoko taldetik hamalau mendizale joan ziren, Vicenzatik hamabi eta Pforzheimetik, berriz, hamaika. Hala, bidaia “giro paregabean” amaituta, Goizale Mendi Taldeak datorren urtean eskualdera hurbiltzeko gonbitea egin zien gainontzekoei: “Bakearen Bideagaz hasi zen anaitasun aste honek elkar ezagutzeko eta lagun onak egiteko aukera ezinhobea eman digu, mendia aitzakitzat hartuta”.