Herriko gune txikiak artelan handi bihurtuz
Luis Iriondo IV. Aire Zabalako Margo Lehiaketak 17 margolari elkartu ditu aurten. Gernika-Lumoko hiri-paisaia irudikatzen onena Joana Soldevilla izan da epaimahai profesionalarentzat. Herritarren Saria, berriz, Eduardo Alsasuak bereganatu du.
Gernika-Lumoko kale nagusi zein ezkutuko txokoak handik eta hemendik etorritako margolarien tailer bilakatu ziren herenegun [uztailak 27]. Udalerriak Gernika-Lumoko Kultur Etxeak eta bertako Arteskolak antolatutako Luis Iriondo IV. Margo Lehiaketa hartu zuen, eta beste urte batez, margolariek jarraitu beharreko gaia Gernika-Lumoko hiri-paisaia izan zen. Lehiaketa urtetik urtera “partaidetza handiagoa” lortzen ari da; izan ere, aurten hamazazpi izan dira parte hartu dutenak, iaz baino bi margolari gehiago. Sari nagusia Joana Soldevillak jaso du, Europako Herrien Parkean egindako lanagatik. Hala ere, Cristina Arana kultur etxeko zuzendariak parte hartzaile guztien “maila handia” nabarmendu du.Ā

Margolariak 09:00etan hasi ziren beraien obrak lantzen, eta bost orduz margolana irudikatu, margotu eta perfekzionatu ostean, Foru plazan kokatutako astoen gainean kokatu zituzten, inolako sinadura edo egilearen identitatea jakinarazi zezakeen ikurrik gabe. Orduan, lehiaketako arduradunek bakoitzari egilearen datu pertsonalekin osatutako gutun azal itxi bat kokatu zioten, sariduna izatekotan, margolaria ezagutarazteko. Saridunak aukeratzea Libe Kaltzada, Enrike Zubia eta Jose Ramon Galdonak osatutako epaimahaiaren esku geratu zen. Hala, Soldevillak epaimahaiaren ustetan lan onena eginda, 1.000 euroko saria jaso zuen. Bigarren saria, 600 eurokoa, Miguel Regollesentzat izan zen eta, hirugarrena, Carlos Espilarentzat. Azken honek 400 euro bereganatu zituen.Ā
Epaimahaiaren sariez gain Sari Herrikoia ere banatu zuten. Herritarrek horretan boto bidez beraien iritzia emateko aukera izan zuten, guztira 118 izan ziren margolan gustukoena zein zuten jakinarazi zutenak. 300 euroko saria, 28 botogaz, Eduardo Alsasuarentzat izan zen. Tokiko artistari saria bertan behera gelditu zen, ez baitzen Gernika-Lumoko margolaririk izan parte hartzaileen artean. Julen Munitis Arteskolako presidenteak udalerrian “talentua badagoela” eta, datorren urtean parte hartzera animatzeko deia egin die herritarrei.

Erantzunagaz “pozik”.Ā Lehiaketak emandakoagaz “pozik” agertu zen Munitis, eta herritarrei eskerrak eman zizkien Foru plazara bertaratzearren: “Zuentzako antolatzen da lehiaketa, artista hauek honelako lan zoragarriak aire zabalean eta denbora gutxian nola margotzen dituzten ikusteko aukera izan dezazuen”. Era berean Arteskolako ikasleen lana aitortu zuen, beraiek baitziren aurten ere antolakuntza eta ekitaldiaren prestaketa lanetan lanean aritu direnak.Ā
Lehiaketari izena ematen dion Luis Iriondo margolari autodidakta ere gogoratu zuen: “Badirudi atzo hasi ginela lehiaketagaz, baina aurtengoa laugarren aldia da. Lehenengo aldian hemen izan genuen Luis Iriondo maisua”. Hala, haren omenez, lehiaketa “urterik urtera hobetzen” jarraituko dutela adierazi zuen.Ā