Busturialdeko harri-jasotzaileak, "maila oso altuan"
Leire Olea gernika-lumotarra eta Eneko Bilbao kortezubitarra nagusitu dira Harri Berri Elkarteak antolatutako Busturialdeko Harri Jasotze Txapelketan.
Busturiarrek Axpeko frontoia bete zuten zapatuan [uztailak 26] Harri Berri Elkarteak antolatutako Busturialdeko Harri Jasotze Txapelketaz gozatzeko. Lau emakumezkok eta sei gizonezkok parte hartu zuten proban, eta I. Harri Berri Elkartea Sariko irabazleak Leire Olea gernika-lumotarra eta Eneko Bilbao kortezubitarra izan zen. Antolatzaileek parte hartzaileek erakutsitako “maila altua” nabarmendu dute.
Jaialdia emakumezkoen probarekin hasi zuten, bost minutuko txandetan nork altxaldi gehiago egin ezagutzeko. Oleak 43 altxaldi egin zituen, Zihara Zabala foruarrak, berriz, 28. Amaia Mendinueta mundakarra izan zen hirugarrena 27 altxaldigaz. Leire Astoreka gernika-lumotarrak 19 aldiz jaso zuen harria. Gizonezkoak 102,3 kiloko harriagaz aritu ziren, eta Bilbao izan zen altxaldi gehien egin zituena: 43. Engells Bello busturiarrak eta Gari Elorriaga gernika-lumotarrak osatu zuten podiuma, 39 eta 37 altxaldigaz, hurrenez hurren. Mikel Ugalde bermeotarrak 21 lortu zituen, Jon Onaindia mendatarra (12 altxaldi) eta Unai Ortega herrikidea (6 altxaldi) atzean uztea lortuta.
Antolatzaileak estreinaldiaren balorazio “oso positiboa” egin dute: “Lehenengo aldia izateko oso giro ona egon zen. Pila bat jende hurbildu zen, zapatu arratsalde izanik ez genuen horrenbesteko erantzuna espero. Gainera, mundu guztia egon zen kirolariak animatzen. “. Kirolari dagokionez ere proba “oso ondo” joan zela azaldu dute, emakumeek eskainitako “saio izugarria” nabarmenduta: “Neskak oso prestatuta ikusi genituen, maila oso altuan. Mutilak ere bai, baina gehiago ziren eta denetarik zegoen. Batzuk denbora gutxi egon dira entrenatzen, baina hala ere ez zuten inolako indar faltarik”.
Harri Berri Elkartea Saria lehenengoz antolatuta erantzunaren beldur ziren antolatzaileak, baina erantzuna ikusita, proba gehiago antolatzeko prest agertu dira.
Lasto Jasotze Txapelketa. Emakumeek beraien txanda amaitu eta gizonezkoak hasi aurretik, baina, Harri Berri Elkarteak antolatutako eta Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakuntzak babestutako Bizkaiko Gizonezkoen Lasto Jasotze Txapelketa egin zuten. Lehiaketak hiru parte hartzaile izan behar zituen, baina “aurreko egunetan min hartuta” zegoen Arratzuko Piratak Herri Kirol Klubeko Bingen Erleagak ezin izan zuen parte hartu. Hala, Getxo Herri Kirol Taldeko Beñat Amade eta Piratak Herri Kirol Klubeko Xabat Erleaga izan ziren nor baino nor gehiago aritu zirenak. 21 altxaldigaz, Amade izan zen Bizkaiko txapeldun izendatzen zuen txapela jantzi zuena. Erleagak, berriz, 19 aldiz jaso zuen lastoa.