Bermeo Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatzeko prozedura abiatu dute
Udalerriaren egoera aztertuta, alokairuaren kostua KPIaren gainetik igo dela ondorioztatu dute, Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatzeko Etxebizitzaren Legean ezarritako hiru baldintzetako bat betez.
Bermeoko Udalak, Etxebizitzaren Legean ezarritakoa aintzat hartuta, udalerria Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatzeko izapideak hasi ditu. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak adierazi duenez, alokairuak Bermeon bizi duen “presio handiari” aurre egiteko eta hirigintza eredu “iraunkorrago eta orekatuago” baterantz pausoak emateko neurriak hartu dituzte.
Zigor Uriondo Arrue Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, herri bat eremu tentsionatu izendatzeko baldintzak hiru dira, eta nahikoa da bakarra betetzeagaz: “Batetik, alokairuen prezio igoera KPIrekin alderatzen da, eta maila bat gaindituz gero, baldintza betetzen da. Bigarrena, etxebizitzen erosketa prezioaren igoera KPIren hazkundearen gainetik badago betetzen da, eta hirugarrena, berriz, alokairua ordaintzeko ahalegin ekonomikoak %30a gainditzen badu betetzen da”. Udalak udalerriko egoeraren azterketa egin du, eta emaitzak eskuan, Bermeon alokairuaren kostua KPIaren gainetik igo dela ondorioztatu dute.
Izan ere, udalak 2018-2023 aldiko datuak bildu eta, eta bost urte horietan alokairuaren bataz besteko prezioa %20,2 igo zen Bermeon —2018an 459,9 eurokoa izatetik 552,9 eurokoa izatera igaro zen 2023an—. Zenbateko horrek, Etxebizitzaren Legeak ezarritako %19,6ko muga gainditzen du. Bigarren baldintzari dagokionez, udalak gaur gaurkoz ez du erosketa prezioei buruzko daturik. Alokairua ordaintzeko ahalmen ekonomikoa, bestalde, %24,9koa da Bermeon. Hala ere, egoera “berriro aztertu” behar dela ziurtatu du Uriondok: “Azterketa estatistikoa egin eta txosten guztia prestatzeko kontratua sinatu dugu enpresa batekin”. Txostena prestatuta, herria Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatzeko eskaera bideratuko dute Eusko Jaurlaritzara.
Eskaintza falta.
Zinegotziaren esanetan, udalerriak duen arazo larrietako bat “alokairuaren eskaintza falta” da. Izan ere, Etxebideren datuen arabera “ia 600” dira Bermeon etxebizitza eskatzen ari diren pertsonak, eta horien %84 “alokairuetara bideratuta” daude.
Horregatik, “etxebizitza turistikoek alokairuen merkatuen duten eragina” ikusita, horien erabilera arautzeko prozesura hasi du udalak. Horretarako baina, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) “aldaketa puntual bat” egin beharko dute. Uriondok adierazi duenez, herritarrek udazken aldera neurri horren xehetasun gehiago jasoko dituzte, “gutxienez bi prozesu parte-hartzaile” baitituzte aurreikusita: “Ziurrenik hiru izango dira, eta agente ezberdinek euren iritzia eman ahal izango dute; udalak iritzi horiek batuko ditu eta, bidezkoak badira, arauaren proposamenean sartuko ditu”. Azaldu duenez, neurri horregaz herrian ugaritzen ari den arazoari irtenbidea ematea da helburua.
Udal gobernu taldearentzat “lehentasun nagusietako bat” da etxebizitza, eta Nemehk adierazi duenez, Bermeo “herri bizia, bizigarria eta guztiontzat irisgarria” izateko helburuagaz lanean ari dira. Hala, udalerria Etxebizitza Gune Tentsionatu izendatzea eta etxebizitza turistikoa “urrats garrantzitsuak” badira ere, udal gobernuaren “helburu bakarrak ez direla” azpimarratu du alkateak.