"Kudeaketa etiko eta jasangarria", kale katuen koloniak kontrolatzeko
Bermeoko Udalak eta Bitxos Elkarteak lau urterako lankidetza-hitzarmena sinatu dute, kale katuen populazioa "modu eraginkorrean" kontrolatzeko. Elkarteko boluntarioek CER metodoa ezarriko dute udalerrian.
Bermeoko Udalak eta animalien eta ingurumenaren babeserako lan egiten duen Bitxos Elkarteak Bermeoko katu kolonien “kudeaketa etikoa eta jasangarria” ezartzeko asmoz, lau urteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Jakinarazi dutenez, ekimena CER metodoa —harrapatu, esterilizatu eta itzuli— jarraituz egingo dute, hori baita kale katuen populazioa “modu eraginkorrean” kontrolatzeko nazioartean onartuta dagoen teknika.
Hala, hitzarmenak iraun bitartean udalak 10.000 euroko aurrekontu-saila bideratuko du akordioan jasotako ekintzetara, hala nola albaitaritza-gastuetara edota beharrezko materialak estaltzera. Nadia Nemeh Bermeoko alkateak hitzarmena “garrantzitsutzat” jo du, animalien ongizatea eta herritarren arteko bizikidetza ahalbidetuko dituelako: “Animalien ongizatea ere bizi-kalitatearen adierazle da udalerri batean. Hitzarmen honekin, katuen kolonien kudeaketa etiko, arduratsu eta koordinatuaren aldeko apustua egiten dugu, Bitxosek bezalako esperientzia duen elkarte baten eskutik. Akordio hau aurrerapauso nabarmena da animalien eta pertsonen arteko elkarbizitza harmonikoa, eta erakusten du udalak konpromiso sendoa duela animalien babesarekin eta ingurumenarekin”.
Xabier Ortuzar zinegotziak akordioa “lehenago” sinatzea espero zutela onartu du, baina dagoeneko hitzarmena itxita egotea “albiste pozgarria” dela nabarmendu du: “Guretzat garrantzitsuak diren puntu batzuk sartu nahi genituen hitzarmenean. Hasieratik hasi ginen lokalaren egokitzapen lanekin, eta gero etorri da hitzarmena. Dagoeneko zarratu dugu eta pauso hori emanda, hurrengo pausoetan elkarlanean jardutea bakarrik geratzen zaigu. Ea danon artean lortzen dugun koloniak kontrolatzea eta gure herria animaliekin adeitsua eta enpatikoa izatea”.
Sonia Gonzalez Bitxos Elkarteko ordezkariak udalak kolonien kudeaketa etiko egiteko aukera ematea eskertu du: “Uste dugu kudeaketa hori ezinbestekoa dela. Dagoen katu kopuruagatik gaixotasun asko daude eta uste dugu CER metodoagaz askoz gehiago kontrolatu ahal izango direla”. Izan ere, ez dituzte soilik katu emeak esterilizatuko, gaixo daudenak ere hartuko dituzte, arrak zein emeak izan, testak egin eta “beraien zein kolonien osasun egoera ezagutzeko”.
Estresik gabeko teknikak.
Hitzarmenaren bidez, Bitxos Elkarteak CER metodoa ezarriko du Bermeon dagoeneko identifikatuta dauden kolonietan. Azpimarratu dutenez, katuak estresik gabeko teknikak baliatuta harrapatuko dituzte, gero “baimendutako albaitaritza-kliniketan esterilizatzeko”. Hurrengo pausoa, animalien osasunak hala ahalbidetzen badu, behintzat, 24 ordu igarotzean katuak jatorrizko koloniara itzultzea litzateke. Bitxoseko boluntarioak arduratuko dira kolonien jarraipena egiteaz, errolda egin eta horietako bakoitzeko banakoak identifikatu ahal izateko. Gainera, elikadura, hidratazioa eta garbitasun egokiak bermatzeko asmoz, “leku diskretuetan” babeslekuak jarriko dituzte. Era berean, elkarte eta udalak adostutako lekuetan edukiontziak ere jarriko dituzte, “katuen jantoki” legez erabiliak izateko. Gonzalezek animalienganako indarkeria saihesteko “kolonia ofizialak” jartzea positibotzat jo du: “Katu kume batzuk ostikoak emanez hil dituztenaren berri izan dugu gaur goizean. Ama eta hiru kume salbatu ahal izan ditugu, baina beste batzuengatik ez izan dugu ezer egin”.

Horrez gain, “izaera soziala” duten katuen (eta horien kumeen) adopzioa ere bultzatuko dutela iragarri dute. Adopzioa kontratupean egin beharko da, eta katua “mikrotxop bidez eta dagokion erregistroan identifikatuta” egon beharko da.
Hala, udalaren esku geratuko dira katuak esterilizatzeko, txertatzeko, parasitoak kentzeko eta identifikatzeko behar diren albaitaritza zerbitzuak ordaintzea zein elkarteari bere jarduna aurrera eramateko “behar dituen baliabide materialak” helaraztea (boluntarioen identifikazio txartelak, animaliak harrapatu eta garraiatzeko tresnak…).
Nemehk elkarteagaz batera herritarren eta animalien arteko errespetuzko bizikidetza bultzatzeko eta “ingurumenaren eta jabetza arduratsuaren” inguruko kontzientziazio-kanpainak egingo dituztela iragarri du, eta egutegia zehazteke badute ere, udalerriko hezkuntza zentroetatik hastea pentsatzen ari direla adierazi du. Era berean, 2021az geroztik egindako lana eskertu die elkartekideei: “Eskerrik asko Bitxos Elkarteari orain arte borondatez eta konpromisoz egin duen lanagatik. Hitzarmen honekin ahalegin hori erakunde honen babesarekin indartzen dugu, eta urrats bat gehiago ematen dugu Bermeo etikoagoa, sentikorragoa eta animaliekiko eta ingurumenarekiko begirunetsuagoa izan dadin”.