Kartel finalisten artean bozkatzeko unea
Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragarriko dituen kartel lehiaketako hiru finalistak aukeratu ditu epaimahaiak eta orain, herritarren esku dago irabazlea izendatzea. Gaurtik [uztailak 28] eguaztenera [uztailak 30] dute botoa emateko aukera.
Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa bere azken fasean sartu da. Guztira 37 izan dira aurten aurkeztutako lanak, eta lehen aukeraketa epaimahaiaren esku egon da: hiru finalistak izendatu dituzte. Orain, berriz, herritarrei dagokie kartel irabazlea zein izango den erabakitzea, eta horretarako gaur [uztailak 28] hasi eta eguaztenera bitartean [uztailak 30] beraien gustukoena bozkatu beharko dute.
Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, 37 kartelen artean finalera iritsi diren hiru lan finalisten izenburuak honekoak dira: Han dator Xixili, Bermeoko jaietan bihotzak dantzan eta Herriaren eta herriarentzat. Halaber, epaimahaia udalean dauden alderdietako kide banak, artearen edota diseinu grafikoaren alor inguruko pertsona batek, jai batzordeko bi ordezkarik, mugimendu feministako ordezkari batek eta herriko gazte batek osatu dutela azaldu dute; finalistak aukeratzeko unean, epaimahaikideek “proposamenen estetika, Bermeoren izaera islatzea, baloreak kontuan izatea eta originaltasuna” baloratu zituzten. Epaimahaiak “egindako lanagatik” eskerrak eman dizkie Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragartzeko kartel lehiaketan parte hartu duten guztiei.

Argazkia: Bermeoko Udala
Eskuz zein Internet bidez.
Hiru kartelak gertutik ikusi eta aztertu gura duenak Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean du horretarako aukera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:15era bitarteko ordutegian. Bozka, berriz, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean bertan jarritako kutxan zein internet bidez eman ahal izango da. Hala, botoa eman gura duenak udalaren webgunean zein sare sozialetan aurkituko du erantzun beharreko galdetegiaren esteka. Jasotako bozkei dagokienez, kutxan bildutakoek %70eko balioa izango dute, eta Internet bidezkoek, berriz, %30ekoa.