Estreinaldiak emandakoagaz, "oso pozik"
KAE2 ligak geltoki berria izan zuen zapatuan [uztailak 26], Muruetako I. Bandera lehiatu baitzuten estreinakoz. Busturialdea laugarren sailkatu zen, eta estropadak utzitakoagaz "gustura", datorren urtean errepikatzea espero dute.
Argazkia: Elantxobe Arraun Elkartea KAE2 ligan asteburu bat “hutsik” gelditu zela ikusita, eta Murueta eta Gernika inguruari, “arraunagaz lotutako eremuari bultzada emateko” ilusioz, Muruetako uretan estropada egiteko aukera otu zitzaion Elantxobe Arraun Elkarteari. Une horretan, Julen Karrion Muruetako alkateagaz harremanetan jartzea erabaki zuen Patxi Egurrola elkarteko lehendakariak, eta “erantzun ezinhobea” jaso ostean, KAE ligako arduradunengana hurreratu zen. Baiezkoa jaso zuen, eta “urte askotan buruan izandako estropada” errealitate bihurtu zen zapatuan [uztailak 26]: Muruetako I. Bandera. Elantxobeko taldeak denboraldi berean bi estropada antolatzen dituen lehen aldia da aurtengoa, eta zer hobetu egon badago ere, elkartetik “oso pozik” geratu dira jardunaldiak utzitakoagaz.
Hasierako ideia traineruak Muruetan bertan uretaratzea zen, baina trenbideak kudeaketa “konplikatu” egiten zuenez, Gernikako Kirol-PatronatuakUrbietako aparkaleku eta instalazioak erabiltzeko aukera laga zien. Hala, estropada “polita” prestatu zuten, 5.550 metroko ibilbide “ikusgarriagaz”. Urbieta parean hasi zuten arraunlariek erlojuaren kontrako estropada, eta Muruetako teileria parean bukatu. Teileria izan zen, gainera, ibilbidean zehar jende gehien elkartu zuen gunea.
Arraunlariek erreka inguru guztia zeharkatu zuten: lehenengo 4 kilometroak “zuzen-zuzen” egin zituzten, bigarren zatian, berriz, “errebueltak” hasi ziren. Ziaboga Muruetako ontziola baino “apur bat goratxoago” kokatu zuten, eta estropada bi luzetakoa zenez, bakarra egin behar izan zuten. Berezitasunik ere izan zuen zapatuko erlojupekoak: “Normalean erlojuaren kontrako estropadetan traineruak minutu bateko aldeagaz ateratzen dira, eta Muruetan bi minutuko aldeagaz irten ginen”, azaldu du Joseba Arevalo Busturialdea Arraun Taldeko arraunlariak.

Argazkia: Txebi Arriaga
Antolatzaileek oro har “balorazio positiboa” egin dutela azaldu du Egurrolak: “Gauza batzuk hobetu behar ditugu, baina gehien bat logistikoak direla uste dut, kirolez kanpokoak. Estropadak aurrera egin ahala joan ginen beharrizanak ikusten, eta datorren urterako kontuan hartuko ditugu”. Izan ere, Mundakako bandera egutegian finkatzea dute helburu elkarte zein udalak, baina datorren urteetan zer gertatzen den ikusi beharko da: “Eremu sentikor batean gaude, baimen asko behar dira eta horren zain egongo gara. Azkenean trainuak gara, arraunean egiten dugu eta ez dugu motorra duen ezer erabiltzen, beraz, instituzioek sentsibilitatea izatea espero dugu, estropada honek ere aurrera egiteko”.
Julen Karrion Muruetako alkateak udalerriak maila horretako kirol bat hartzea “ohorea” dela azpimarratu du, arrauna herriaren “nortasun eta sustraia” ere badela zehaztuta: “Beti pentsatzen dugu Murueta lurragaz lotuta dagoela eta beste kirol mota batzuekin lotzen da, baina arrauna ere hemen dugu, historikoki ontziolagaz lotutako leku eder honetan”. KAE2 ligan eskualdeko kirolari “gazte eta ilusiodunak” daudela nabarmendu du, kirolari horien estropadak hartzea “itzela” dela esanez: “Espero dugu horrelako ekintza gehiago egitea bai hemen, bai beste lekuetan. Ea Muruetako Bandera errotzea lortzen dugun”.

Argazkia: Txebi Arriaga
Laugarren postuari helduta.
Kirol emaitzei dagokienez, KAE2 ligako sailkapen orokorrean nagusi den Oriok poltsikoratu zuen Muruetako I. Bandera, lanak 19.47,41ko denboran amaituta. Hibaika eta Portugaletek osatu zuten podiuma, 5.550 metroak 19.55,59 eta 20.15,76ko denboran eginda, hurrenez hurren. Etxeko taldea, Busturialdea laugarren postuagaz konformatu behar izan zen, 20.40,18ko denboragaz. Laredo eta Lutxanak itzi zuten sailkapena.
Goiko postuetatik urruti samar egon arren, arraunlariak estropadagaz eta ezarritako erritmoagaz “gustura” sentitu zirela adierazi du Arevalok: “Muruetara heltzean bihurguneak hasi ziren, eta gu ez gaude udan formatu horretara ohituta. Ezberdina izan da eta ezberdina batzutan erakargarria ere bada. Taldeei formatu hori gustatu zaie”. Izan ere, errebueltak dauden guneak “teknikoagoak” dira, eta alde batera edo bestera gehiegi hurbiltzeak denbora galdu edo irabaztea ekarri dezake: “Adi egotea exijitzen zuen, taldeek estrategiak landu behar izan zituzten, nundik joan erabakitzeko”. Horrez gain, estropada marea bizietan lehiatu zuten: “Marea oso gora igo zen, ur asko zegoen errekan. Traineruentzat baldintza hobeak dira, gehiago, azkarrago dabiltzalako”.
Busturialdeak zapatutik ere zer ospatu atera zuen, Unax Legarzak debuta egin baitzuen. Hala, uretan zein uretatik kanpo “oso gustura” geratu direla azpimarratu du elantxobetarrak, eta datorren urtean estropada errepikatzeko gogoz agertu da.