Pregoilaria aukeratzeko proposamenak biltzen hasi dira
Abuzturaren 5era [astelehena] arte jasoko dituzte alkateagaz batera udaletxeko balkoian egotea nahi duten Bermeoko talde, elkarte edo pertsonen proposamenak.
Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak apurka-apurka hurbiltzen doaz, eta aurten ere, herritarren esku geratuko da Nadia Nemeh alkateagaz batera pregoia ematen nor edo nortzuk egongo diren aukeratzea. Jaien hasierako ekitaldia bermeotarrentzat “berezia” denaren jakitun izanik, Bermeoko Udalak udaletxeko balkoian egongo den edo egongo diren talde, elkarte edo pertsonak “denen artean erabakitzea”bultzatu gura du.
Horretarako, herritarrek erantzuteko galdetegi erraz bat zabaldu dute: norberaren helbide elektronikoa eta progoilari izateko proposamena idaztea besterik ez da egin behar. Jakinarazi dutenez, iradokizunak egiteko epea abuztuaren 4an [astelehena] itxiko dute, 14:00etan.
Proposamenak bildu eta kontaketa egin ostean, finalistak aukeratuko dituzte, herritarren bozketara bideratzeko. Pregoilaria aukeratzeko azken bozketa abuztuaren 5etik [martitzena] 18ra [astelehena] bitartean egingo da.