NA eta pasaportea Gernika-Lumon berritzeko aukera eskainiko dute
Herrian erroldatutakoei "izapidea errazteko" asmoz, Polizia Nazionalak irailaren 3 eta 17an bulego mugikorra jarriko du Gernika-Lumon. Hitzorduak aurretik zehaztu beharko dira.
Argazkia: Gernika-Lumoko Udala Gernika-Lumoko bizilagunek Nortasun Agiria eta pasaportea beraien udalerrian berritzeko aukera edukiko dute irailaren 3 eta 17an. Izan ere, Polizia Nazionalak ekainean egin legez, “bulego mugikorra” jarriko du udaletxearen aurrean, Gernika-Lumon erroldatutakoei “izapidea errazteko” helburuagaz.
Gernika-Lumoko Udaletik jakinarazi dutenez, bulegoak 09:00etatik 13:00etara bitarteko ordutegia izango du, baina hitzorduak 12:30era bitartean soilian hartu ahal izango dira. Aurreratu dutenez, zerbitzuak NA ziurtagiri elektronikoa doan aktibatzeko aukera eskainiko dute, “administrazio digitalera sarbidea erraztuz”
Ekainean hasitako zerbitzua udalerrian bueltan izateak “udalerrietan dagoen dokumentazioaren gero eta eskari handiagoari” erantzuten dio. Gainera, erroldatutakoei “hurbilekoa eta erosoa” den irtenbidea ematen diola gehitu dute udaletik, ez dutelako ohiko joan-etorririk egin behar. “Neurri honekin, udalak kudeaketa administratiboko hurbiltasunarekin eta eskuragarritasunarekin duen konpromisoa berresten du, bizilagunen beharrizanetara moldatuz”, nabarmendu dute.
Hitzorduak aurretik zehaztu. NA edo pasaportea Gernika-Lumon berritu ahal izateko nahitaezkoa izango da aurretiaz hitzordua zehaztea, horretarako zehaztu dituzten bi bideetako bat jarraituz: interesdunek udaletxeko Herritarrentzako Arreta zerbitzura bertaratu edota 94-627 02 00 telefono zenbakira deitu dezakete.
Aurreratu dutenez, NA berriztearen kostu ofiziala 12 eurokoa da, eta pasaportearena, berriz, 30 eurokoa. Ordaineketa izapidea egitean ordaindu beharko da, eskudiruagaz.