Musikak ere baduelako aldarrikapen soinurik
Pepinokeriak egiteak tontakeriak egitea esan nahi du Bermeon, eta hori oinarritzat hartuz hasi ziren Irune Astiazaran eta Leiore Moreno musika jartzaile lanetan, herriko jaietan. Txosnak "denetariko musikaz" bete, eta horien esanahia lau haizetara zabalduz dihardute 2023. urteaz geroztik.
Argazkia: MJ Pepinotan Udak jaia dakarren bezala, jaiak musika dakar. Eta hori ondo dakite Irune Astiazaran eta Leiore Moreno bermeotarrek. Izan ere, 2023ko Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiez geroztik, MJ Pepiñotan izenpean, txosnagune desberdinak musikatu dituzte.
Biak ala biak Bermeoko Txosna Batzordeko kideak izanik, herriko jaietako gaueko musika eskaintzaren inguruko hausnarketa batetik sortutako proiektua da Pepiñotan. Barre artean sortutakoa, hain zuzen. Ze, gauetan txosnagunea alaitzeko eta musikatzeko falta ikusita, “Eta, gu jartzen bagara?” esanez hasi zen guztia, Morenok azaldu duenez. Beti moldatu izan dira ondo biak, gainera: “Kaña artean hasitako txantxa, azkenean errealitate bihurtu zen”.
Bermeo oso gertutik sentitzen dute, eta Astiazaranek esan bezala, horri tiraka dator Pepiñotan izena: “Argi geneukan Bermeoko esaera edo hitz bat izango zela gure proiektuaren izena; eta horri bueltak eman ondoren, pepino hitza bururatu zitzaigun. Pepiño, bermeotarrez pailazo da, eta beraz, pepinokeriak egitea, tontakeriak egitea da. Proiektua barre eta tontakeri artean sortu zenez, aproposa iruditu zitzaigun”. Morenok, oro har, edozein txosnaguneko oholtzetara igotzen direnean, “seriotasun gutxi” izaten dutela gogoratu, eta tontakerietan aritzen direla esan du, beti ere, “ideia eta printzipioak argi” izanez.
Duela bi urte hasi zirenetik, helburua argi eduki dute. Oso argi, gainera. Ondo pasatu nahi dute, eta era berean, ingurukoei ondo pasarazi nahi diete. ‘Datorrena datorrela’ esanarekin bat datozen arren, ahalik eta txosnagune gehien musikatzeko prest daude bermeotarrak, baina “hobby” bezala, Astiazaranen hitzetan: “Bakoitzak bere gauzak ditugu, eta esan bezala, hau erdi brometan hasi zen. Inguruko herrietan aritzeagaz pozik gaude, baina, beti ere, gure agendak lehenetsiz”.
“Parranda zale amorratuak” direla aitortu du Morenok, eta jai giro on bat gogoko duten bezala, musika onagaz musikatutako txosna giroa are gogokoago dute. Horregatik, “denetariko musika” nagusituz lan egiten dute Pepiñotan Musika Jartzaileek, “txosnagunea reggaetoi hutsetik aldenduz, eta euskal musikari behar bezalako espazioa eskainiz”, gustu desberdinetako jendearen bilgune bilakatuz.
Euskara nagusi.
Aitortu dutenez, estilo oso desberdinak dituzte gustuko biek, eta alde horrek “musikaren aniztasuna kontuan izanik, modu egokian lan egitea” ahalbidetzen die. Musikak eskaintzen duen abaniko zabalaren artean, ordea, euskara lehenesten dute, eta horretan “oso ados” daude: “Jai herrikoien alde gaude, eta jakin badakigu, txosnagune batean denetarik egon behar dela. Baina, gure ustez, euskara nagusitu behar da horretan; txosnetako filosofia mantendu, eta gure hizkuntza zaindu behar da”.
Morenok, bere aldetik, oso argi dauka txosnek aldarri politiko batekin lotura zuzena daukatela: “Txosnak eta horren egiturak beti izan dira aldarrikapenez jositako espazioak. Nahiz eta geroz era gehiago gaztelerara jo, euskarak nagusi izan behar duen espazioak dira, eta horretan gure aletxoa jartzen dugu, musika bitartekari izanik. Txosnak bizi izan ditugu, eta oraindik bizi ditugu. Beraz, txosnen kontzientzi hori eraikitzeko, eta jai herrikoiak direnez, euskarari behar bezalako garrantzia ematen saiatzen gara”.
Euskarak izan duen beherakadan ere jarri dute fokua, bide batez, eta Astiazaranek Bermeoko gauetako eskaintzara bota du begirada: “Gauetan, Bermeon parrandan atera, eta leku guztietan entzuten da musika bera; gaztelerazko reggaetoia. Euskararen erabilerak behera egin duela argi dago, eta horri buelta eman behar zaio”.
Nabarmendu du euskal kulturak eta euskal kantek “beren lekua” izan beharko luketela txosnetan: “Ez diot kanta guztiak euskaraz izan behar dutenik, berebizikoa da txosnagunea denetariko abestiz janztea. Baina euskarak pisu edo esanahi desberdin bat izan beharko luke horretan”.
Euskaraz, “estilo anitz”.
Euskarazko musikak etorkizun polita duela esan dute biek, eta horri ikusgarritasuna eman gura diote txosnagune desberdinetan: “Gero eta talde edo abeslari gehiago daude, musika euskaratik eta euskararentzat sortzen dutenak, estilo oso desberdinak tarteko, eta hori etorkizunerako oso aberasgarria dela uste dugu”. Alegia, Euskal Herrian tradizioz nagusitu den rock edo punk horretaz gain, beste “estilo anitz” biltzen dituen musika sortzen ari dela gogoratu dute. “Oso pozgarria” da hori musika jartzaileentzat, baina gaztelerazko musikaren tendentzia sarritan “arerio” izan daitekeela ere jakin badakite. Eta, beraz, sortzen ari den euskal musikari komunitate horri ikusgarritasuna ematea “oso garrantzizkotzat” dute.
Pepinokeriak egiten jarraitzeko asmoa dute Morenok zein Astiazaranek. Orain arte jasotako erantzuna ere “oso positiboa” dela adierazi dute, eta herrian eta inguruan euskararen eta euskal musikaren aldeko aldarrikapen jarraituak egiteko baliatu nahi dute hori, txosnetako filosofia euskaltzale ozen eta argia han eta hemen musikatuz.