Gizakiaren marka ezabaezinaren ebidentzia
Sergi Reboredi bidaien kazetaritzan espezializatutako kazetari grafikoaren 'Antropozeno: izotz-urtze polarra' ikusgai dago Busturiko Ekoetxea Urdaibai zentroan.
Asko hitz egin da klima aldaketaren inguruan edota hori saihesteko gizakiek hartu ditzaketen neurriez. Hainbeste esan eta idatzi da, non zaila dirudien ezer berririk gehitzea. Klima aldaketa, baina, urte luzeetako kontua da, eta gizakiak ere urte luzez utzi du bere arrasto ezabaezina Lurrean. Azken horri izena jarri zion Paul Crutzen kimikari herberearrak 2000. urtean: antropozenoa. 1995eko kimika Nobel saridunak giza portaerak mende askotan zehar Lurrean izandako eragina “esanguratsua” dela zehaztu zuen, “aro geologiko berri bat” ekarri duela azpimarratuta. Antropozeno terminologia indarra hartuz joan da azken hamarkadan.
Antropozeno hitza bere egin du Sergi Reboredo bidaien kazetaritzan espezializatutako kazetari grafikoak. Bere ibilbide profesionalean hamaika sari eta errekonozimendu jaso ditu han eta hemen kazetari bartzelonarrak, eta orain, bere argazki eta ezagutzekin Antropozeno; izotz-urtze polarra erakusketa osatu du, Ekoetxea Urdaibain bisitatu daitekeena. Izan ere, Reboredok “giza jarduera ingurumeneko aldaketa-indar nagusia izan den aroa” deskribatzeko erabiltzen du Antropozeno hitza, eta garai hori “inpaktu esanguratsu batzuek” osatzen dutela zehazten du, tartean, izotz-urtze polarrak.

Erakusketan zehar ikusi daitezkeen argazki eta azalpenen bitartez, urtze polarraren “ebidentzia ikaragarria” bistaratu gura izan du kazetariak, beste behin, klima aldaketari aurre egiteko hartu beharreko “neurri zorrotzak” gogoratzeagaz batera: “Funtsezkoa da anbizio handiko neurriak hartzea, gure emisioak murrizteko eta ingurumena errespetatzen duen garapen eredu baterantz igarotzeko”.
“Basamortu izoztua”.
Lurreko lekurik hotzenean, lehorrenean, haizetsuenean, handienean, ezezagunenean eta bizitzeko “desegokiena” den horretan jarri du kameraren fokua Reboredok oraingoan: Antartikan. Neguan zero azpitik 80 gradura jaisten da tenperatura, kontinentea “muturreko hotzaren benetako gotorleku” bihurtuz. Izotzez estalita egonik ere, munduko tokirik lehorrena da: “Paradoxikoa dirudien arren, Antartika basamortu izoztua da, prezipitazio oso baxuekin”.
Gizakiaren eraginaren eta “ondorio zuzena” den klima aldaketaren azelerazioaren hamaika adibide aurkezten ditu Reboredok, besteak beste, glaziarren urtzeak. Iceberg-ak sortzeko prozesua izotz kontinentaleko glaziarretan hasten da, eta izotza itsasorantz mugitu ahala, “ur ozeaniko beroenak” aurkitzen ditu, eta ertzetatik urtzen hasten da. Klima aldaketaren ondoriozko tenperatura orokorraren, igoerak “glaziarren urtze azeleratua” eragiten du: “Aldaketa horiek itsasoaren maila handitzen laguntzen dute, eta inpaktu esanguratsuak izan ditzakete itsasoko eta kostaldeko ekosistemetan, bai eta nabigazioan eta kostaldeko azpiegituretan ere”. Horrela, modu labur eta zuzenean azaltzen ditu gizakiaren ekintzen eraginak bartzelonarrak.
40 argazki baino gehiagok —eta bakoitzari dagozkien azalpen edo bitxikeriek— osatutako erakusketa Ekoetxea Urdaiban ikusi ahalko da datozen hilabeteetan.